Musika

Berri Txarrak-en azken-aurreko kontzerturako sarrerak sarean agortu, eta ilarak sortu dira kalean

Azaroaren 23an egingo dute etenaldiaren aurreko azkeneko kontzertua, baina, sarrera guztiak minutu gutxi batzuetan saldu zituztenez, aurreko egunean beste kontzertu bat antolatzea erabaki dute.

Berri Txarrak taldearen kontzertua, iazko sanferminetan. IDOIA ZABALETA / FOKU
2019ko urtarrilaren 4a
10:53
Entzun

Gaur jarri dituzte salgai sarrerak, eta ordu gutxiren buruan bukatu dira Interneten  salgai zeudenak. Ikusirik sarean nolako arazoak izan diren azaroaren 23an Nafarroa Arenan joko duten azken kontzertuko sarrerekin, leku fisikoetan jarri dituzte salgai txartel batzuk. Herriotan dago aukera sarrerak erosteko: Iruñean (El Infiernito, Discos Barracuda, Herriko Taberna, Karrikiri eta Katakrak), Lekunberrin (Kantina), Altsasun (Idergi), Elizondon (Intza), Lizarran (Katxetas), Gasteizen (VDS eta Zuloa), Bilbon (Bira eta Power Records), Donostian (Donosti Rock) eta Baionan (Elkar). Pistarako sarrerak salduko dituzte leku horietan, eta erostera joandako pertsona bakoitzak sei sarrera hartu ahal izango ditu gehienez ere.

Azken kontzertuko txartelen salmentekin izan ziren arazoak ez dira errepikatu gaur, baina argi gelditu da beste behin Berri Txarrak-en musikaren zaleek taldearen agurrarekiko duten ikusmina zenbaterainokoa den. Ordu gutxi batzutan agortu dira Interneten salgai zeuden sarrera guztiak, eta, kalean, ilarak sortu dira hainbat saltokitan.

Musika taldeak 25 urte beteko ditu aurten, eta etenaldi bat egingo du. Kontzertu bira bat egingo du urte honetan, zaleei agur esateko. Ikusi arte izena du birak. Oraingoz, taldeak jakinarazi du azkeneko kontzertuak azaroaren 22an eta 23an izango direla, Iruñeko Nafarroa Arenan. Beste kontzertu baten berri ere eman dute: otsailaren 16an Miarritzen izango dira, Lapurdin, Seaskaren 50. urteurreneko jaialdian. Txakatuk txaranga, Diabolo Kiwi, Xiberoots eta Willis Drummond taldeekin arituko da han.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.