Hautsak harrotu dituen gaizki ulertu bat

"Gurasoak erregeak dira" esan zuen bart Andoaingo udaletxeko balkoitik Baltasarren rola egin zuen gizonak. Gertatuak, ordea, badu azalpenik.

jarraia161204.jpg
2019ko urtarrilaren 6a
11:42
Entzun

Andoainen kabalgata hasteko ordu gutxi batzuk geratzen zirela, Baltasarrena egingo zuen pertsona baten bila jarraitzen zuten, eta hortik jo zuten guraso honengana. Aurretik inolako prestaketarik egin gabe, ez baitzegoen denborarik, baiezkoa eman zuen, eta Erregeen desfilea ikustera hurbildutako dozenaka lagunen aurrean hartu zuen parte kabalgatan.

Urduritasunak eta hizkuntza ez menderatzeak eragin zuen bukaerako gaizki ulertua. Izan ere, udaletxeko balkoian zela, lagunek mikrofonoa eman zioten Baltasarrena egiten ari zenari, eta hark honela esan zuen: "Gurasoak erregeak dira". Esaldiak harridura eta haserrea eragin zuen plazan bildutakoen artean, eta baita kritika zaparrada ere hurrengo minutu eta orduetan sare sozialetan.

Aiurri aldizkariko kazetari bat izan da une hura bideoan grabatu zuena eta baita gertatutakoa argitu duena ere. Haren arabera, gizonak esan nahi zuen gurasoak direla benetako erregeak, alegia, etxekoak (gurasoak, senideak) direla egunerokoan kontutan hartu edo maite behar ditugunak.

Gaspar eta Meltxorren gutuna

Baltasarrek berak bideo bat zabaldu zuen sare sozialetan, jendearen haserrea baretu eta azalpenak emateko asmoz. Baina horrek ez du egoera lasaitzeko balio izan.

Horiek hala, arratsaldean Meltxor eta Gasparren gutuna jaso dute Aiurri aldizkarian, eta bertan beste bi erregeek babesa adierazi diote Baltasarri: "Diskurtso amaieran, hizkuntzaren zailtasunak direla medio, gaizki ulertua sortu dezakeen esaldia zabaltzen duzu. Edonori gertatzerik zitzaion, baita guri ere. Honek ez du kentzen zuk gaurkoan zabaldu duzun ILUSIOA, zuk gaurkoan eman diguzun klase magistrala, pertsona konprometitua izatearen klase magistrala".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.