Espainia

PPren eta Ciudadanosen gobernua babestuko du Voxek Andaluzian

PPko Juanma Moreno izendatuko dute presidente, eskuineko hiru taldeen botoekin.

Voxeko eta PPko ordezkariak, gaur, akordioa sinatzen. JOSE MANUEL VIDAL, EFE
2019ko urtarrilaren 9a
19:45
Entzun

Sevillan (Andaluzia, Espainia) sinatu dute akordioa PPko eta Voxeko idazkari nagusi Teodoro Garciak eta Javier Ortegak. 37 puntuko akordio bat itxi dute, Santiago Abascalen alderdiak jakinarazi duenez. Familia Saila sortzea adostu dute, besteak beste, eta baita Memoria Historikoaren Legea aldatzea ere: aurrerantzean Konkordiaren Legea izatea nahi dute. Ez dute dokumentuan jaso, aldiz, egunotan hedabideetan zabaldu duten guztia: indarkeria matxistaren inguruko legeak, Berdintasun Legea eta LGTBI kolektiboari buruzkoak bertan behera uztea, esaterako.

Ez dute halakorik hitzartu, baina Voxek iragarri du bide horretan jarraitzeko asmoa duela. Inbestiduran PPren eta Ciudadanosen akordioaren alde egin arren, ohartarazi dute beraien programan jasotakoak aurrera ateratzeko ahaleginak egingo dituztela parlamentuan.

Aurrez, PPk eta Ciudadanosek itxi dute beste akordio bat, gobernua osatzeko. Horren arabera, Juanma Moreno (PP) izendatuko lukete autonomia erkidegoko presidente, eta Juan Marin (Ciudadanos) presidenteorde. Gobernuak aurrera eraman beharreko neurri batzuk ere adostu dituzte. Marinek adierazi du "egun historikoa" dela gaurkoa Andaluzian, 36 urteren, PSOErena ez den gobernu bat egongo delako.

Marinek nabarmendu du PPk eta Voxek inbestidurarako lortutako akordioak ez diola zertan eragin gobernuari. "Akordio horrek [PP eta Voxenak] ez du ezertara lotzen gobernua, eta ez dio eragiten 90 puntuko akordioari ere [PPren eta Ciudadanosen akordioari].

PPk 26 aulki lortu zituen Andaluziako bozetan, Ciudadanosek 21 eta Voxek 12. Gehiengoa lortzeko, azken horren beharra zuten lehen bi alderdiek, eta gaurko akordioekin, ziurtatu dute hori. Inbestidurarako datarik ez dago oraingoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.