M-8 greba feminista

"Zaintzaren gatazkari" emango dio zentralitatea greba feministak

Euskal Herriko mugimendu feministak gaur aurkeztu du greba deialdia. Gizonei eskatu diete zaintza lanen ardura modu autonomoan hartu eta antolatzea.

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2019ko urtarrilaren 16a
07:09
Entzun

Gaur goizean aurkeztu dute martxoaren 8ko greba feministaren oinarria, Gasteizko Talka espazioan. Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitu du greba, eta, dei egin du hiri eta herrietan deituko diren mobilizazioetan parte hartzera. "Martxoaren 8an patriarkatuak alboratzen gaituenok erdigunea hartuko dugu, transon, bolleron eta emakumeon bizitzak erdigunean jarri nahi ditugulako", nabarmendu dute.

Bost ardatzetan antolatuko da aurtengo greba: pentsionista, ikasle, zaintza, enplegu eta kontsumoa. Antolatzaileek, ordea, nabarmendu dute "zaintzaren gatazkari" zentralitatea eman nahi dietela. “Bizitza sostengatzeko ardura kolektiboa eskatzen dugu, pertsonen zaintza ez dadila zapalduon bizkarrean geratu”, esan dute antolatzaileek. Hori dela eta, nabarmendu dute etxeko eta zaintza lanetan jarduten duten emakumeekin aliantzak sortuko dituztela. Gizonei ere eskakizun bat egin diete: "gizonei zaintza lanen ardura guztia modu autonomoan hartu eta antolatzea eskatzen diegu”.

Mugimendu feministako kideek jakinarazi dute greba egiteko modu ezberdinak egongo direla. Besteak beste, lantoki eta ikasgeletan greba egiteko dei egin dute, baita mobilizazioetan parte hartzeko, edota zaintza lanak albo batera uzteko ere. Azken hori irudikatzeko, berriz, azaldu dute amantalak balkoietan eskegitzeko. Halere, gaineratu dute kontsumo greba ere izango dela: “Kontsumo arduratsu eta jasangarria garatzeko deia egiten dugu, gure konpromiso politikoa kontsumitzerakoan hartzen ditugun erabakietan isla izan behar duelako”. Beraz, langileen esplotazioaren ikur diren enpresei zein haien publizitatean emakumea objektutzat erabiltzen dutenei planto egiteko dei egin dute.

Kontsumo ereduari ez ezik, kapitalismoari, patriarkatuari, heteroarauari, kolonialismoari, eta kapazitismoari -aniztasun funtzionala duten pertsonak alboratzea eta ez-gaitu bezala eraikitzea- ere planto egingo diete martxoaren 8an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.