Hilberria

Lolo Rico hil da, belaunaldi bat markatu duen idazle eta kazetaria

La Bola de Cristal saioaren sortzailea, Madrilen jaioa, Donostian zendu da. Lotura estua zuen Euskal Herriarekin. Gatazka politikoari elkarrizketaren bidezko irtenbide bat ematearen alde agertu zen.

jarraia161793.jpg
2019ko urtarrilaren 21a
11:29
Entzun

Maria Dolores Lolo Rico idazlea, kazetaria, gidoilaria eta ikerlaria izan zen. Lan ugari egin zituen, baina guztien artean, TVE Espainiako telebista publikorako idatzi zuen La Bola de Cristal saioa da askorentzako ezagunena. Saio hark belaunaldi oso baten haurtzaroa markatu du Hego Euskal Herrian. Horrez gain, Euskal Herriko egoera politikoarekin konprometituta egon zen.

Rico atzo zendu zen, Donostian, bizileku zuen hirian, bihotz-biriken gelditze baten ondorioz, 84 urte zituela.

Haurrentzako ipuinak idazten eta RNEn eta TVEn gidoilari hasi zuen bere ibilbidea. 1984an sortu zuen bere originaltasunarengatik oso ezagun egin den La Bola de Cristal haurrentzako saioa.

Horrez gain, Euskal Herriko egoera politikoarekiko kezka agertu du Ricok. 2005ean, Aukera Guztiak Europako hauteskundeetarako zerrenda babestu zuen eta legez kanporatutako aukeren parte hartzeko eskubidea aldarrikatu zuen. Aurretik, 1997an, aditu gisa parte hartu zuen Herri Batasunako mahai nazionalaren kontrako epaiketan. Euskal Herriko gatazkari elkarrizketaren bidezko irtenbidea ematearen alde agertu zen orduan.

Ricoren politikarako interesak izan du jarraipenik haren ondorengoetan. Nagua Alba Ahal Dugu-ko diputatua haren iloba da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak atsekabea agertu du Ricoren heriotzarengatik, ohar bidez. Nabarmendu duenez, "Rico bideak ireki zituen emakume polifazetiko eta aitzindaria izan zen, emakumeentzako bereziki zaila zen garai batean aurrera egin zuena, besteren artean, bere sormen handiari esker". Doluminak adierazi dizkie Ricoren senide eta lagunei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.