Gizartea

Desordena publikoa egotzi diete zazpi gazteri, Maravillas gaztetxearekin lotutako protestengatik

Labriteko aldapan eta Vergel zubian egindako protesten harira atxilotu ditu Espainiako Poliziak zazpi gazteak. 20:00ak pasata askatu dituzte.

Labriteko aldapan bidoietara kateatu ziren gazteak. MARAVILLA GAZTETXEA
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko urtarrilaren 21a
06:59
Entzun

Zazpi gazte atxilotu eta eraman dituzte Espainiako Poliziaren Iruñeko egoitzara astelehen arratsalde honetan. Desordena publikoak eragitea eta zirkulazioa trabatzea leporatu diete, eta iluntzean utzi dituzte libre. Gazteetako batzuk Labriteko aldapan egindako protestagatik atxilotu dituzte: hormigoiz betetako bidoi batzuetara lortu ziren, eta zirkulazioa eten zuten. Besteak, berriz, Vergel zubian zintzilikatu zuten beren burua, alderik alde, eta zirkulazioa eten zuten.

Joan den larunbatean manifestazioa egin zuten gaztetxea itxi izana salatzeko, eta eraikin barrura sartu ziren berriro, ixteko jarritako hesia kenduta. Igande goizaldean, ordea, berriro hartu zuen eraikina Foruzaingoak.

Egoera horretan, elkarrizketarako mezua zabaldu du Joseba Asiron Iruñeko alkateak, eta horretarako baldintzak sortzeko eskatu die “erakundeei eta gazteei”. Alkateak jakinarazi du udala harremanetan jarriko dela prozesu bat abiatzeko. Gogoan izatekoa da EH Bildu lehen ere saiatu zela akordio bat negoziatzen gaztetxeko kideekin, baina ezerezean geratu zela ahalegin hura.

Alkateak ekitaldi publiko batean topo egin du Maria Solana gobernuko bozeramailearekin, eta baikor hitz egin du Solanak berak ere: “Alkateak hala uste badu, pentsatu nahi dut egongo dela soluziobideren bat, denon onerako”. Nolanahi ere, berretsi du Rozalejoko jauregian ezin daitekeela egon gaztetxea, “segurtasun arazoak” daudelako. Argudio horrekin itxi zuen eraikina gobernuak.

Hain justu, gaztetxeak txosten tekniko bat zabaldu du, gobernuaren argudioen aurkakoa. Arkitekto tekniko batek egin zuen azterketa abenduan eta urtarrilean, gobernuak eraikina itxi aurretik, eta, haren arabera, ez zen ageri arrisku “larririk edo berehalakorik” eraikinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.