Musika

Bost pieza Elkanoren bidaia irudikatzeko

Bost euskal konpositorek obra bana sortuko dute, EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren Mundubira musika bidelagun proiektuaren barruan. Munduari lehen bira egin zioteneko 500. urteurrena omenduko dute hainbat kontzerturen bidez, Juan Sebastian Elkanoren figura gogora ekarrita.

Ezker eskuin, Mikel Chamizo, Teresa Catalan, Oriol Roch, Bingen Zupiria, Robert Treviño, Zuriñe F. Gerenabarrena, Joel Merah eta Mikel Urkiza. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2019ko urtarrilaren 29a
07:24
Entzun

Munduari egindako lehen biratik 500 urte betetzen direnean, espedizio hura eta Juan Sebastian Elkano espedizioko protagonista nagusietako bat gogora ekarriko ditu EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Mundubira musika bidelagun proiektua aurkeztu dute gaur arduradunek. Haren barruan, bost euskal konpositoreri pieza bana sortzeko eskatu diete: espedizioaren zati bati musika jarriko dio bakoitzak. Denen artean, Elkanoren bidaia osoa irudikatuko dute.

Obra bakoitza banaka estreinatuko dute, lehena aurtengo udazkenean, eta azkena 2022ko udaberrian, espedizioak iraun zuen denboraren isla modura. Euskal lurralde guztietako konpositoreak hautatu dituzte proiekturako.

Mikel Chamizo (Tolosa, Gipuzkoa, 1980) izango da lehena obra estreinatzen, eta espedizioaren irteera irudikatuko du bertan. Haren ondotik, Mikel Urkizak (Bilbo, 1988) Hego Amerika izango du inspirazio iturri bere pieza sortzeko. Joel Merah (Clichy, 1969) euskal musikagileak osatuko du bidaiaren hurrengo etapa, Ozeano Bareari eta Asiari begira jarrita. Teresa Catalanek (Iruñea, 1951), berriz, Afrika eta India izango ditu osagai bere pieza sortzeko. Eta azkenik, Zuriñe Gerenabarrenak (Gasteiz, 1965) espedizioaren itzulerari jarriko dio musika. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.