Venezuela

Guaido presidente gisa aitortu du Europako Parlamentuak

Parlamentuaren arabera, Madurok dagoeneko uko egin dio hauteskundeak egiteari eta, beraz, Europako Batasunak eskatutakoa betetzeari. Ondorioz, Guaidoren presidentetza aitortzeko eskatu die Europako Batasuneko 28 kideei ere.

Eurodiputatuak txaloka, Guaido presidente adarrikatu ostean. STEPHANIE LECOCQ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko urtarrilaren 31
07:29
Entzun

Venezuelako "presidente zilegia" Juan Guaido dela aldarrikatu du Europako Parlamentuak. Haren arabera, Nicolas Madurok atzera bota du joan den asteburuan Europako Batasunak egindako eskaera: alegia, zortzi eguneko epean bozetara deitzea. Ondorioz, Bruselak iragarritako bidea hasi du parlamentuak, oposizioburuaren presidentetza ontzat emanez. 

Parlamentuan lau alderdi nagusien babesa jaso du Guaido "behin-behineko presidente zilegi" gisa aitortzeko proposamenak. Esteban Gonzalez Pons popularra, Ramon Jauregi sozialista eta Javier Nart ALDEko kidea izan dira egitasmoa aurkeztu dutenak, eta eurodiputatuek onartu egin dute aldeko 439 botorekin, kontrako 104rekin eta 88 abstentziorekin.

Erabakia txalotu egin du Antonio Tajani Parlamentuko presidenteak, eta gauza bera egiteko eskatu die bai Federica Mogherini EBko diplomaziaburuari eta 28 estatu kideei. "Guaido da herrialdeko presidente zilegi bakarra, presidentetzarako hauteskunde aske, garden eta sinesgarriak egiten dituzten arte". Horrez gain, eurodiputatuek gaitzetsi egin dute "oposizioko manifestariek aurkako errepresio gogorra", eta eskatu diote Maduroren gobernuari berma ditzala "oinarrizko eskubideak eta askatasunak".

EBren mezua jaso eta hurrengo egunean bertan erantzun zuen Madurok, eta ohartarazi Venezuelako herritarrek aukeratu zutela euren presidentetza, eta hauteskundeak nahi izanez gero 2025era arte itxaron beharko zuela Bruselak. Aldiz, bozetara deitzeko prest agertu da aste honetan bertan, baina parlamenturakoak, eta ez presidentetzarakoak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.