Euskara

EH Bilduk Behatokira jo du, legebiltzarrak euskarazko proposamen bat atzeratu duelako

Koalizioak euskara hutsez aurkeztu zuen lege proposamen bat, eta hura tramitera onartzeko erabakia atzeratzea erabaki zuen, atzo, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, gaztelerazko itzulpena izan arte. Koalizioak salatu du gaztelera hutsean aurkezten diren proposamenak ez direla atzeratzen euskarazko itzulpena izan artean.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiko kideak, legebiltzarraren osoko bilkura batean. JAIZKI FONTANEDA, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko urtarrilaren 31
18:11
Entzun

Euskaldunekiko diskriminazioa eta tratu bidegabea salatu ditu EH Bilduk, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak, atzo, koalizioaren proposamen bat tramitera ez onartzea erabaki zuelako, euskara hutsean zegoela argudiatuta. Gaztelerazko itzulpena prest izan arte hari bide ez ematea erabaki zuen. Gaur eguerdian onartu du tramitera kontratu publikoetan klausula sozialak arautzeko EH Bilduren lege proposamena, eta Eusko Jaurlaritzari bidali dio hark aztertu dezan.

Proposamena atzeratzea erabakitzerakoan,  mahaiaren jarreraren aurka agertu ziren Eba Blanco mahaiko lehen presidenteordea (EH Bildu) eta Cristina Makazaga bigarren idazkaria (Elkarrekin Podemos). Biek argudiatu dute EH Bilduk garaiz eta forma egokian aurkeztu duela proposamena eta, beraz, ez dagoela inolako oinarririk haren tramitea atzeratzeko.

EH Bilduk nabarmendu duenez, gaztelera hutsean aurkezten diren proposamenak inolako arazorik gabe onartzen dira tramitera, garaiz eta forma egokian aurkezten badira, euskarazko itzulpena izan arte zain egon beharrik gabe. Hori dela eta, euskaraz jardun nahi duten talde politikoekiko diskriminazioa salatu dute, eta babesa eskatu diete Hizkuntza Eskubideen Behatokiari, Elebideri eta Arartekoari. Koalizioaren arabera, EH Bilduko parlamentariei legebiltzarkide gisa dagozkien eskubideak urratu dizkie mahaiak.

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.