Migratzaileak

Ukatutako bidaian, etsipenik ez

Hainbat dira Zierbena inguruan kanpin dendetan bizi diren migranteak. Gauero, etorkizun baten bila, Erresuma Batura doan ferryra sartzen saitzen dira. Pertsona horietako batzuekin eta laguntza eskaintzen dieten Zierbenako Harrera Sareko kide batekin aritu da berbetan Bizkaiko Hitza.

Zierbena inguruan ferryra sartzeko zain dauden migratzaileak. PERU AZPILLAGA DIEZ / BIZKAIKO HITZA
Peru Azpillaga Diez / Bizkaiko Hitza
2019ko otsailaren 1a
10:14
Entzun

Eguzkia ezkutatu da itsasoak marraztutako zerumugan. Etxeetako argiak piztu, eta lantegiak hustu egin dira. Mugimendua nabari da kaleko isiltasunaren erdian. Pertsona isilen pausoak. Gauero, iluntasunaren babesean, beren helmugara iristeko ahalegina egiten duten pauso mutuak; horretarako, arantzaz jositako bidea zeharkatu behar badute ere.

Halaxe igarotzen dituzte gauak Mateo eta Jonak Zierbenan. Albaniako etxeak utzi, eta etorkizun baten bila abiatu ziren aspaldi. Geroztik, ukatutako bidaia egiten saiatzen dira; desertuaren erdian galduta, aurrera egitea beste aukerarik ez duenaren antzera. Oztopoak ez dira makurrak. Lehenik eta behin, inguruan poliziarik ez dagoela bermatu behar dute, eta, hala bada, portuan eraiki zuten bost metroko harresiari egin behar diote aurre. Hura gainditu ostean, hurrengo egunean Ingalaterrarako ferryan sartuko diren ibilgailuen artean sigi-saga ibili, eta isil-gordeka kamioiren batean ezkutatu behar dira. Hor, haien etorkizuna zoriaren esku geratzen da. Kamioi guztiak itsasontzira sartu baino lehen berrikusten dituzte, eta, beraz, soilik poliziaren batek huts egiteak ematen die barrura iristeko aukera.

Behin barruan, zirkinik egin gabe eman behar dute gau bat edo bi iraun dezakeen bidaia; momien antzera: mutu, geldi. Behin Portsmouthera (Ingalaterra) iritsita, ezezaguna duten portutik isil-gordeka egin behar dute ihes berriro ere. Astro guztiek bat egiten badute soilik dute ukatutako bidaia burutzeko aukera.

Mateok nekatu aurpegia du. "Atzo ozta-ozta ez nuen lortu; honengatik baino ez", dio kafetegian jesarrita, eskuko atzamar lodi eta erakuslearen artean tarte milimetriko bat utzirik. Gau osoa kamioi batean ezkutatuta eman du, goizaldean ferryra sartu baino lehen egindako kontrolean Guardia Zibilak topatu duen arte. Nekatu aurpegia du, baina ez du irribarrea galdu: "Ez dut etsiko. Pertsona guztiek dute noizbait zortea, eta egunen baten niri tokatuko zait".

Jona alboan du. Berak ez zuen hainbesteko zorterik izan atzo, baina, hala ere, argi du behin eta berriz saiatu egingo dela: "Gauero lau edo bost saialdi inguru egiten ditugu. Oso gogorra da, baina ez dugu beste aukerarik". Lau hilabete inguru daramatzate Bilboko Portutik Portsmouthera doan ferryan ezkutuan sartu nahian. 25 eguberri baino ez badituzte ere, aspaldi utzi zituzten biek haien Albaniako etxeak helburu berberaren bila abiatzeko: Erresuma Batua. Herrialde anglosaxoiek ez die albaniarrei bisarik ematen, eta, beraz, era ilegalean baino ezin dira sartu. Bestalde, han senitartekoak dituzte biek, eta egina dute nola edo hala heltzeko hautua. Han, ahal beste lan egin, eta etxera diru apur bat igortzeko esperantza dute.

Jaioterriko komeriak

"Gure adineko albaniar guztiak, herrialdetik kanpo bizi dira", baieztatu du Mateok. Berak 18 urterekin utzi zuen jaioterria, eta, Londresen hiru urte lanean eman ostean, paperik ez izateagatik deportatu zuten. Orain, itzultzea baino ez du buruan. "Gure herrian ez dago lanik, ez dirurik, ezta aukerarik ere; ustelkeria da nagusi". Azaldu dutenez, ikasketak ez dira lanpostu bat lortzeko berme, nahierara kontratatzen baitute jendea, entxufez. Horrez gain, lanbidearteko gutxieneko soldata 280 euro inguru da, baina produktuek hemen duten prezio bertsua dute; lanaldi amaiezinak izan arren, nola edo hala irautera kondenatuta daude han gazteak.

"Esklaboak gara; lan asko egin arren, oso diru gutxi irabazten dugu. Gure familiak laguntzea da gure helburu bakarra, kanpoan lan egitea eta diru pixka bat bidali ahal izatea; Erresuma Batuan, senitartekoei esker, badakigu zeozer topatuko dugula eta etorkizun bat eraikitzeko aukera izan dezakegula", erantsi du Jonak.

Momentu horretan, Erza sartu da kafetegian. Bera ere ferryan sartzeko helburuarekin etorri zen Zierbenara, baina bere kideek ez bezala, etsitzea erabaki du. "Saiatzeari utzi diot. Londresen nituen senitartekoek alde egin dute, eta, beraz, errealitate berdina dut han eta hemen". Zazpi hilabete eman zituen Erzak kanpin denda batean lo egiten, eta, orain, Santurtzin bizi da, laguntzera hurbildu diren pertsonetako batekin. Lan bila dabil, baina paperik ez izateak muga asko jartzen dizkiola aitortu du, eta alokairu bat topatzea ere ezinezkoa dela dio: "Nik hemen bizi nahi dut, lan egin; baina paperik gabe, ia ezinezkoa da".

Irakurri erreportajea osorik Bizkaiko Hitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.