Enpresak

Wavegardenek munduko olatu parkerik handiena eraikiko du Hego Korean

Donostiako enpresak azaroan egin zuen kontratua Daewon Plus Constructionekin, Asiako herrialde horretako lehen ur kirolen zentro bihurtu nahi duten proiektua egiteko.

Wavegardenen igerileku bat. GORKA ESTRADA
xabier martin
2019ko otsailaren 6a
12:56
Entzun

Olatu artifizialak sortzen dituen teknologiari lotua zabalkulde handia izaten ari da Wavegarden enpresa donostiarra. Mundu zabalean eginak dituen 28 kontratuen poltsari beste bat gehitu dio, gaur bertan jakinarazi duenez. Eta ez da nolanahikoa izango, gainera: munduko ur parkerik handiena izango da olatu artifizialen teknologiarekin. Hala, Hego Koreako lehen ur kiroletako zentroa izatea nahi duten proiektuaren arimaren hornitzailea izango da Wavegarden.

Daewon Plus Construction Hego Koreako enpresak Seuldik ordubetera dagoen hirian kokatuko du bere proiektu handinahia, Siheungen. 2.100 milioi euroko aurrekontua dauka ur parkeak, baina Wavegardenek ez du esan zenbatekoa den itxi duen kontratuaren diru balioa. Donostiako ingeniaritza enpresa gazteak ibilbide deigarria egin du denbora gutxian, bere teknologia orain gutxi aurkeztua baita.

Parkearen osagairik garrantzitsuena Wagegarden Cove esaten dioten lakua izango da, hainbat neurritako olatuak sortzeko gai izango den igerileku handia. Surfa da teknologia horren eskaintzarik garrantzitsuena, baina olatuei loturik beste hainbat jarduera egin ahal izango dira han. Kilometro bat luze izango den hondartza bat izango du ondoan instalazio handiak. Turtle Island izeneko kokagunean egongo da, itsasoari kendutako eremu batean.

Aurtengo kontratuak

Dagoeneko hasi dira Wavegardenen igerileku handia hartuko duen ur parkearen eraikuntza, eta aurreikusi dute 2020. urterako bukatuta egongo dela. Donostiako ingeniaritza enpresaren lakuak orduko mila olatu eskaniko dizkie erabiltzaileei, eta sustatzaileek diote milaka izango direla parke horrek hartuko dituen bisitariak, egunero. 2019. urtea amaitu aurretik, beste bi instalazio bukatu behar ditu Wavegardenek, bata Melbournen (Australia), eta bestea Bristolen (Erresuma Batua).

Wavegardenen olatu artifizialen teknologiaren emaitza ikus daiteke bideo honetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.