Eskia

Diktadurekin lan egitea "errazagoa" dela esan du Munduko Eski Federazioko presidenteak

Gian Franco Kasperrek auzitan jarri du klima aldaketa, eta eskiatzeko "eskubidearen" izenean natura hondatzea ere zuritu du, elkarrizketa batean.

Gian Franco Kasper, Munduko Eski Txapelketaren irekiera ekitaldian, herenegun, Suedian.
jakes goikoetxea
2019ko otsailaren 6a
07:05
Entzun

Ahoan bilorik gabeko elkarrizketa eskaini dio Gian Franco Kasper Munduko Eski Federazioko presidenteak Suitzako Tages Anzeiger egunkariari (alemanez argitaratzen da). Elkarrizketan, auzitan jarri du klima aldaketa, eta agerian utzi du nahiago duela diktadurekin lan egin. Kasper 1998tik da Munduko Eski Federazioko presidentea. NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeko ohorezko kide ere bada.

"Guretzat errazagoa da diktadurekin lan egitea. Negozioaren ikuspegitik esan nahi dut. Diktaduretara joan nahi dut; ez daukat ingurumenaren aldekoekin eztabaidatu beharrik". Munduko Eski Federazioko presidenteak, neguko Olinpiar Jokoei buruz galdetuta, diktaduren aldeko iritzia eman du.

Kasperrek uste du Olinpiar Jokoak ekitaldi erraldoiak eta oso garestiak direla. Baina oraindik ere ideia ona direla: "Erabat. Kirolarekiko interesa hazten ari da; Olinpiar Jokoek entretenimendua eskaintzen dute. Poza eta tristura, abertzaletasuna... jokoak paregabeak egiten ditu". Jokoen neurriak eta ordaindu beharreko fakturak gero eta zailagoa egiten du jokoak antolatzeko hautagaiak lortzea. Kazetariak galdetu dio ea horregatik jo behar izan duen NOBek "ez-arrazoizko" herrialdeetara. "Diktadurek halako ekitaldiak egin ditzakete; ez daukate herritarrei galdetu beharrik", erantzun dio Kasperrek. "Zer nahi duzu egitea? Bigarren mailako kontua da neurri batean, kirola non egiten den da garrantzitsua". Kasperrek aurretik egindako adierazpenak zuritu nahi izan ditu esanez kirolak ateak zabaldu ditzakeela zenbait herrialdetan.

Eskiatzeko azpiegiturak garestiak dira. Hainbat kasutan azpiegitura horiek sortzeko suntsitu egiten dituzte inguruko natur baliabideak. Ura erabiltzen dute elur artifiziala sortzeko. Horiei buruz hizketan, Kasperrek "klima aldaketa deitutakoa" aipatu dio kazetariari. "Ez dago frogarik", dio klima aldaketaz. "Elurra daukagu; batzuetan, asko". Txantxak ere egin ditu klima aldaketari buruz, Pyeongchango Olinpiar Jokoetan, esaterako: "35 gradu egiten zituen zero azpitik. Niregana dardarka etortzen ziren guztiei esaten nien: Ongi etorri klima aldaketara".

Pyeongchangen, jaitsierako mendi magala prestatzeko, 100.000 zuhaitz moztu zituzten,  eremu babestu batean. "Zuhaixkak", Kasperren arabera. Munduko Eski Federazioko buruak dio erakundeak lan handia egiten duela ingurumena babesteko, zuhaitz bakarra bota behar izatea "hondamena" dela haientzat; baina, era berean, Hego Korean eta Txinan —Pekinen egingo dituzte 2022ko neguko Olinpiar Jokoak— "eskubidea" dutela eskiatzeko: "Herrialde guztiek daukate eskubidea herritarrei eskiatzeko maldak eskaintzeko".
Kazetariak galdetu dio ea ez ote litzatekeen posible Munduko Eski Federazioak askoz ere diru gehiago sortzea, beste kirol batzuetan egin duten moduan, marketin estrategia onak aplikatuta. Kasperrek ezetz erantzun dio, ez diela axola ahalik eta diru gehien lortzeak: "Gu neguko turismoaren publizitate agentzia gara batez ere".
 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.