Artea

Carmen Calvo artistaren 50 urteko ibilbidea Kubo-Kutxa aretoan

Gaur inauguratuko da Carmen Calvo. Ametsa akabatzea (1969-2019) atzera begirako erakusketa Donostiako Kubo-Kutxa aretoan. Bihar zabalduko da publikoarentzat, eta maiatzaren 5era arte egongo da ikusgai. Askotariko 61 obrak osatzen dute bilduma.

Carmen Calvo artista valentziarra, hark sortutako konposizioen artean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Andoni Imaz.
2019ko otsailaren 7a
16:22
Entzun

Collagea, interbentzioa, gehikuntza. Objektuak daude Carmen Calvo (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1950) lanaren oinarrian, baina eraldaketa bat proposatu izan du haren sorkuntzan. "Nire lana ez da oso erraza ikusten: objektua ez dago ondo ikusia, berria da". Sortzaile kontzeptualaren unibertso berezia jaso du Alfonso de la Torre komisarioak Ametsa akabatzea izena eman dion erakusketan. Calvok adinako "zorroztasun eta seriotasuna" duten artista gutxi ezagutzen ditu De la Torrek; izan ere, Artearen Historia goitik behera ezagutzen du artistak, eta erakusketa hortik irakurri behar dela uste du komisarioak.

Gaur inauguratuko dute Carmen Calvo. Ametsa akabatzea (1969-2019) erakusketa Donostiako Kubo-Kutxa aretoan, baina bihar zabalduko da publikoarentzat, eta maiatzaren 5era arte egongo da ikusgai. Zenbait bilduma partikular, arte galeria, fundazio eta unibertsitatetako lanekin osatu dute 61 obrako bilduma zabala. Valentziako artistaren 50 urteko ibilbidea jaso dute hala, 18 urte eskasekin egindako koadro batekin hasi eta egungo sorkuntzetara arte.

Marrazkiak eta margolanak daude erakusketan, bere burua margolaritzat duelako Calvok. Dena den, hainbat material erabili izan ditu hamarkada horietan: 70eko hamarkadan, buztina erabili zuen sarri, arkeologiak pizten zion interesagatik, akaso; 90eko hamarkadaren amaieratik aurrera, aurkitutako objektuak erabiltzen hasi zen, objektu bat aukeratzea bera ekintza sortzailetzat jotzen duen ideia surrealistari tiraka; argazkiak ere manipulatzen ditu, eta kautxuaren gainean konposizioak osatu.

Surrealismoan duen garrantziagatik eman dio Ametsa akabatzea izena erakusketari De la Torre komisarioak. Andre Bretonek eta Paul Eluardek sortutako Dictionnaire abrégé du surréalisme (Surrealismoaren hiztegi laburtua) lanean ametsak duen lekua jarri du adibidetzat. Calvorentzat, lanen abiapuntua beti da ideia, ametsa. Ondoren etortzen da objektua, baina horren aukeraketa ez da ausazkoa, guztiek dutelako haien esanahia eta definizioa: "Objektuak ez nau inbaditzen, neuk inbaditzen dut objektua".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.