Berri Txarrak

Urbizu: "Musikari gisa hazteko, nire bizitzako taldea izan dena baztertu behar dut"

Distantzia hartu beharrean izan dela aitortu du Berri Txarrak taldeko abeslariak eta eskerrak eman dizkie 25 urte hauetan haien aldamenean izan direnei. Bihar hasiko du taldeak agur bira Gernikako (Bizkaia) Astran.

mikel lizarralde
2019ko otsailaren 14a
07:13
Entzun

Berri Txarrak taldeak 40tik gora kontzertu biltzen duen bira (Ikusi Arte Tour) iragarri du gaur. Bihar bertan hasiko du bira Gernikako Astran, eta azarora bitartean, 40tik gora kontzertu emango ditu. 45 dira, hain zuzen ere, momentuan lotuta dituztenak, baina jakinarazi dutenez, urte osoan egingo duten emanaldi kopuruaren erdia baino pixka bat gehiago besterik ez da hori, eta datozen hilabeteetan joango dira hitzartzen eta iragartzen beste saio batzuk ere. Horri lotuta, eta ikusita orain arte Euskal Herrian iragarritako kontzertuetarako sarrera guztiak saldu direla, "kontzertu erraldoi bat" egiteko asmoa ere azaldu dute. Horren gaineko argibiderik, ordea, ez dute eman, "oraindik lotzeko dagoelako eta ez delako erraza". Hala ere, beraien asmoa da taldearen jarraitzaile guztiek izatea Berri Txarrak zuzenean ikusteko aukera. "Ez dugu nahi Berri zalerik Berri ikusi gabe gera dadin".

Taldearen sorterrian, Lekunberrin (Nafarroa), Plazaolako Kantinan, egin dute agerraldia Berri Txarrak taldeko kideek, Gorka Urbizuk, Galder Izagirrek eta David Gonzalezek. Iazko urte bukaeran iragarri zuen taldeak agur esateko erabakia, eta gaur Urbizuk berak aitortu duenez "lehen pertsonan" hartutako erabakia izan da, beti ere, taldekideekin hitz eginda. "Hau ez da bat-batean hartutako erabaki bat izan. Mugarri batzuk izan dira urte osoan". Hain zuzen ere, hiru data azpimarratu ditu. Batetik, iazko neguan taldeak bere 1.000. kontzertua eman zuen Zeelanda Berrian. "Efemerideak beti gustatu izan zaizkit, eta juxtu 1.000. kontzertua Antipodetan izatea... hor bazegoen seinale bat", gogoratu du Urbizuk. Handik gutxira Madrilgo Rivieran eta Bartzelonako Razzmatazz aretoak gainezka zirela jo zuten, eta "asebete" sentsatzioarekin amaitu zuten, eta gerora 10.000 lagun bildu zituzten Barakaldoko (Bizkaia) BECen. "Kontzertuaren amaieran , hoteleko ohean nengoela, leihotik ikusten nuen neoizko kartel bat 'Eta orain, zer'? zioena", adierazi du umorez Berri Txarrak taldeko abeslariak. 

Mende laurdena egin du Urbizuk taldean, eta nekatuta dago. Pozik agertu da, hala ere, lortutakoagatik: "2009an hilzorian zegoen taldea, eta hamar urte geroago bere une gozoenean dago. Eta ederra da une horretan uztea". Gogora ekarri du Lekunberriko frontoian emandako lehen kontzertu hura ere. "Jaiak ziren eta berbenak etenaldia egin zuen momentua baliatu genuen inori ezer esan gabe jotzen hasteko. Han zegoen jendea etorriko zen itxaropena genuen, baina porrota izugarria izan zen".

Taldekideek iragarri dute izango dela aukerarik Berri Txarraken kontzertuetara joateko, baina baita aitortu ere errazagoa dela sarrera bat lortzea Sidneyn Euskal Herrian baino. Hala, denek aukera izan dezaten "Berri ikusteko" dagoeneko beste 40 kontzertu inguru lotzeko lanetan ari dira, aurrez iragarritakoez gain. Nazioartean ere ibiliko dira. Maiatzean AEB eta Mexikon izango dira, eta irailean Asian.

Ikusi Arte Tour biran espazio oso ezberdinetan joko dute, gaztetxe nahiz jaialdi handietan, eta kontzertuak ere ezberdinak izango direla jakinarazi dute. Gonzalezek esan duenez, 80 kantuko errepertorio bat lantzen ari dira, taldearen ibilbideari errepasoa eman  nahian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.