Zergak

Ezohiko funts bat adostu dute Ekarpen Legearen korapiloa askatzeko

Finantzen Euskal Kontseiluak Jaurlaritzak proposatutakoa onartu du. Egokitzapenerako funtsa nahikoa ez denean, funts berria aktibatuko da.

jarraia162854.jpg
Irune Lasa.
2019ko otsailaren 14a
07:06
Entzun

2018ko zerga bilketaren kontuak ixtea zen, berez, zeregin nagusia Jaurlaritzaren Ogasun saila, hiru aldundiak eta Eudel biltzen dituen gaurko Finantzen Euskal Kontseiluan. Gai ordenean, ez zegoen Ekarpen Legearen ingurukorik. Nahiko argi zegoen, ordea, gaurkoan hizpide inportanteena 2011. urtetik luzatuta dagoen lege hori izango zutela.

Gipuzkoako Aldundia gehiago, eta Arabakoa pixka bat gutxiago, aspalditik kexu dira Ekarpen Legeak ezartzen dituen koefiziente horizontalekin, zeintzuek zergatan bildutako dirutik lurralde bakoitzak kutxa komunean zenbat diru jarri behar duen zehazten duten. Baina, azken lau urteetan ez da aurrerapausorik izan legearen erreformarako eta azken asteetan gauzak ez zeuden errazagoak.

Horregatik, Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren azken apustua Egokitzapenerako Funtsa handitzea zen; hots, koefizienteen eta diru bilketen arteko desorekak berdintzeko xedez bere garaian eratutako diru zorroa handiagoa izatea. Hori izan zitekeen Jaurlaritzak eta Bizkaiak diru gehiago jartzeko bidea. Besteak beste, berriz gerta zitekeelako 2018an jazo dena, Egokitzapenerako Funtsa ez dela nahikoa izan berdintzeko Arabak zein Gipuzkoak kutxa nagusira egin beharreko ekarpena eta egiaz zergatan bildutakoa.

Baina azkenean Jaurlaritzaren beste proposamen batetik etorri da akordioa. Haren arabera, Egokitzapen Funtsa ez da handituko eta zergatan bildutakoaren % 1a izango da orain ere erreferentzia hornidurarako —Jaurlaritzak %70 jarrita eta aldundiek %30—. Baina Egokitzapenerako  Funtsa ez denean nahikoa, lurralderen baten diru bilketa egin beharreko ekarpenaren azpitik gelditzen bada —koefizientearen %99 baino gutxiago bada—, Ezohiko Funtsa aktibatuko da. Funts hori diru baliabideen %0,45ekoa izango da (60 milioi inguru), Jaurlaritzak jarriko du diruaren erdia eta aldundiek beste erdia —koefiziente horizontalaren arabera—, eta ekitaldiaren likidazioan aplikatuko da.  

2018ko ekitaldian Jaurlaritzak eta Bizkaiak 2,8 milioina euro jarriko dituzte Araba eta Gipuzkoa %99 horretara irits daitezen. 1,6 milioi Arabarentzat izango dira, eta 4,04 milioi Gipuzkoarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.