Zinema

Bruno Ganz aktorea hil da

Azken hamarkadetan alemanez lan egin duen aktorerik onenetakotzat jo izan da; 'Der Untergang' (Hondoratzea) filmean Adolf Hitlerren rola jokatzeagatik egin zen ezaguna bereziki.

jarraia162937.jpg
Miren Garate.
2019ko otsailaren 16a
18:07
Entzun

Bunkerrean, suminduta, oihuka ageri da Adolf Hitler, gerra galdu egingo dutela jabetuta. Oso ezaguna egin da azken urteetan Der Untergang (Hondoratzea) filmeko pasarte hori, besteak beste, pelikulako irudiak azpidatzita sareko erabiltzaileek egiten dituzten parodiengatik. Alemaniako diktadorearen rol horrengatik egin zen bereziki ezagun Bruno Ganz aktore suitzarra ere, baina haren curriculuma askoz zabalagoa da. Gaur goizaldean hil da, 77 urterekin, Zurichen.

19 urte zituenean hartu zuen parte lehen aldiz film batean. Hurrengo hamarkadan, antzerkian aritu zen gehiago, Goethe eta Berliner Shaubuhne konpainietan. 1970eko hamarkada erdialdera etorri zitzaizkion zinemako lehen rol garrantzisuak. Der Untergang-ekin batera, Der amerikanische Freunde (Lagun amerikarra), Der Himmel über Berlin (Berlin gaineko zerua) eta Nosferatu: Phantom der Nachtfilmean (Nosferatu, gaueko banpiroa) izan dira haren film ezagunetakoak.

Ingelesezko eta beste hizkuntza batzuetako zineman ere aritu zen, zuzendari ospetsuekin gainera: Francis Ford Coppolarekin, Ridley Scottekin eta Jonathan Demmekin, besteak beste. Guztira, 50 film ingurutan parte hartu zuen.

1996tik, Austriako Estatuak ematen duen Iffland eraztunaren jabe zen Ganz. Alemanez aritzen den aktore onenak irabazi ohi du sari hori, eta, hiltzen denean, beste batek jasotzen du oinordetzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.