Hondakinen kudeaketa

Zubietako errauste plantako isuri toxikoak ez direla "era iraunkorrean" neurtuko salatu du GuraSOSek

Adierazi du gabeziaren berri izan duela proiektuaren gaineko "barne agiri" baten bidez: foru agintarien argudioen "faltsukeria" erakusten duela esan du

GuraSOSen agerraldia, gaur, Donostian. FOKU.
arantxa iraola
2019ko otsailaren 18a
07:11
Entzun

GuraSOSek Usurbilen (Gipuzkoa) agerraldi bat  egin du salaketaren berri emateko. Adierazi dute errauste plantak baduela propio ingurumena zaintzeko plan bat, GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak eta azpiegitura kudeatuko duten enpresek hitzartutakoa, eta hortxe idatzita agertzen dela gabeziaren berri ematen duen datua. "Urte osoko tartean, 24 eta 36 ordu baino ez dira neurtuko. Lehen urtean 36 ordu, eta hurrengo urteetan 24 ordu soilik, eta urteak 8.740 ordu ditu", ohartarazi dute. Kritika egin diete foru agintariei horren berri ez argi eta garbi informatzeagatik horren inguruan: "Herritarrak lasaitu ahal izateko orain arte erabilitako beste argudio bat ere erortzen ari da. Etengabe neurtzen ez bada, ezinezkoa da jarduera automatikoki geldiaraztea".

"Konfidentziala" zelakoan, informazio ezkutatzera egin dela salatu dute, eta agirietan ere ez dela batere erraza aurkitzen. "Letra oso txikian eta dokumentu erantsi batean dago datu hori". Herritarrei egindako "iruzurra" dela uste dute. Azpiegituraren aldeko mezuak gizartean lortze aldera, lehendik ere hainbat ahalegin egin direla deitoratu dute, eta horiei atxikita datorrela jokatzeko modu hau ere. Lehengo astean ere, adibidez, salatu zuten "komunikazio plan" bat abian dela, "konfidentziala" hura ere, iritzi publikoan errausketaren aldeko jarrerak zabaltzeko. Guztiz arbuiagarritzat dute. "Osasun publikoko arduradunak informazio faltsua zabaltzen ikusteak osasun bermeetan izugarri larriki eragiten du".

Horiek horrela, GuraSOSek larunbat honetan Donostian errauste plantako lanak eteteko eskatzeko egingo duten mobilizazioan parte hartzera deitu du. Protesta "adostasunaren aldeko aldarri masiboa eta anitza" izatea nahi dute. 17:00etan abiatuko da, Antiguako tuneletik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.