ZInegoak jaialdia

Gaur abiatuko da Zinegoak jaialdia

Sridhar Rangayan zuzendari, ekoizle eta ekintzaile indiarrari ohorezko saria emango diote Bilboko Arriaga antzokian egingo duten irekiera ekitaldian.

Ainhoa Larrabe Arnaiz.
2019ko otsailaren 18a
13:25
Entzun

Azken asteetan hainbat ekitaldi egin dituzten arren, ofizialki, gaur hasiko da Zinegoak Gay-Lesbo-Trans Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Nazioarteko jaialdia. Sexu aniztasunarekin lotutako ikus entzunezkoak izango ditu aurtengoak ardatz, eta martxoaren 3an emango dute palmaresaren berri. Gaur egingo dute irekiera ekitaldia, Bilboko Arriaga antzokian, eta Sridhar Rangayan (Mandya, Karnataka, India, 1962) zuzendari eta ekintzaileari ohorezko saria emango diote bertan. “Bidaia luzea egin dut, 1980ko hamarkadan, gazte gay eta nahasi bat nintzenetik. Ez nukeen sekula imajinatuko gaur egun egiten ari naizen honetan jardungo nuenik" , azaldu du gaur, Bilbon, egindako agerraldian.

Kashsish izeneko queer zinema jaialdiko zuzendaria da Rangayan. Bombayn egiten da, eta hura da Indian sexu aniztasuna lantzen duen jaialdi bakarra. Hamar urte beteko ditu aurten, eta munduan erreferentea da dagoeneko. Solaris ekoiztetxearen sortzaileetako bat ere bada Indiako zinemagilea: LGTB pelikuletan espezializatutako Indiako lehenengo ekoiztetxea. Bere ibilbide horregatik omendu nahi du Zinegoak jaialdiak, Julen Nafarrate kidearen hitzetan. “Indian egiten duen lana aitortu nahi diogu. Izan ere, aintzat hartu behar da, 2018ko irailera bitarte indarrean izan zela 377. legea”. Behin eta berriz aipatu du Rangayanek Indiako zigor kodeko 377. artikulua. 1861ean Ingalaterrak bere kolonia zenean jarritako legea izan zen, eta legeak zioen zigortu egin behar zirela “gizonekin, emakumeekin edo animaliekin izandako naturaren kontrako haragizko harremanak”.

Iaz utzi zuten legea bertan behera; eta, Rangayanek azpimarratu duenez, mugarria izan da. Baina legean ez ezik, pentsamoldean ere eragin behar dela dio, eta zinema du berak horretarako erreminta nagusi. “Oraindik ere asko dugu egiteko. Mugimendu homosexuala gehiago ez kriminalizatzea lortu dugu legearen indargabetzearekin, baina indiarren pentsamoldea aldatu behar dugu orain, jendeak ez dezan pentsatu LGTBI mugimenduko kide izatea gauza txarra dela, edo mendebaldetik datorren zerbait dela. Pelikula gehiago egin behar dira, eta baita hitzaldi gehiago ere, LGTBI mugimenduak duintasuna berreskuratu dezan”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.