Memoria historikoa

Joseba Barandiaranen hilketari buruzko datuak jasotzen ditu 'Martin Villa txostenak'

78 Sanferminak Gogoan elkarteak iragarri du txostenean jasotako zenbait informaziok kolokan jartzen dutela kontakizun ofiziala. Errenterian Poliziak eginiko lapurreten inguruko informazioa ere biltzen du dokumentuak.

Barandiaranen hileta, Astigarragan. BERRIA
arantxa elizegi egilegor
2019ko otsailaren 22a
09:59
Entzun

Elkarteak joan den astean jakinarazi zuen bere esku zegoela German Rodriguez hil zuten eguneko Martin Villa txostena, eta martxoaren 2an egingo duten agerraldi batean emango dutela abian jarriko dituzten ekinaldien berri.  

Berez, aipatu txostena hiru dokumentuk osatzen dute, orduan Nafarroako gobernadore zibila zenak izenpetuak guztiak. Horietan jasotzen dira German Rodriguezen hilketari buruzko datuak, Joseba Barandiaranen hilketari buruzkoak, eta uztailaren 14ko Errenteriako lapurreten ingurukoak.

German Rodriguez hil eta hiru egunera hil zuen Poliziak Barandiaran, tiroz, hilketa salatzeko Donostian egindako mobilizazio batean, 78ko uztailaren 11n. Rodriguezen hilketa salatzeko mobilizazioak antolatu ziren Euskal Herri osoan. Donostian, esaterako, greba orokorra egin zuten, eta erantzun zabala izan zuen. Barrikadekin itxi zituzten hiriburuko kaleetako batzuk. Horietako batean zegoen Astigarragako gaztea, San Bartolome kalean. Polizia tiroka hasi zen, eta hil egin zuten. 19 urte zituen.

Handik hiru egunera, Espainiako segurtasun indarren hainbat ibilgailu heldu ziren Errenteriara, eta erakusleiho eta etxebizitzen kontra tiroka hasi ziren. Dendetara ere sartu ziren, eta irrati, erloju eta bestelako hainbat tresna lapurtu zituzten.  

Elkarteak iragarri du txostenak Errenteria, Donostia eta Iruñeko udalen esku utziko dituztela datozen egunetan, eta helaraziko dizkietela Barandiaranen eta Rodriguezen senideei ere. Aurreratu dute bertan jasotzen den informazioak "kolokan" jartzen duela orain arte zabaldu izan den "kontakizun ofiziala".

Persona non grata

Martxoaren 3a gerturatuz doa, eta Gasteizen ez dituzte ahaztu nola 1976 hartan Poliziak grebalarien aurka jo eta bost pertsona hil zituen, Manuel Fraga Gobernazio ministroaren eta Martin Villa sindikatuekiko harremanetarako arduradunaren aginduetara. Hala, Frankismoaren Aurkako Euskal Plataformaren eskariz eta Martin Villa epaitegietara kanpainarekin bat, Villa persona non grata izendatu du Gasteizko Udalak osoko bilkuran. Alde bozkatu dute EAJk, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Irabazik, eta aurka PSEE-EEk eta PPk.

Frankismoko buruzagi izandakoari hiriko ateak ixteaz gain, udalak eskatzen dio Espainiako Gobernuari utz dezala bertan behera 2015eko ministro kontseiluan onartutako akordioa eta estraditatu dezala Villa Argentinara, eta iker ditzatela frankismoan eta trantsizio garaian egindako krimenak, Villarekin berarekin lotutakoak nabarmenduz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.