'Brexit'-a

Mayk atea ireki dio irteera data atzeratzeari

Komunen Ganberak martxoaren 12an bozkatuko du 'brexit'-aren akordioaren inguruan. Ezezkoak irabazten badu, beste bi bozketa egingo dituzte: bata itunik gabeko testuinguruaz, eta bestea martxoaren 29ko irteera atzeratzeaz. Azken hori, soilik akordiorik gabeko irteerari ezezkoa ematen badiote.

May eta Tusk, igandeko bileran. FRANCISCO SECO / EFE
ander perez zala
2019ko otsailaren 26a
19:26
Entzun

Erresuma Batuko lehen ministroak honako egutegi hau zehaztu du: martxoaren 12an, brexit-ari buruzko akordioari buruz bozkatuko dute Komunen Ganberan. Ezezkoa gailentzen bada, martxoaren 13an itunik gabeko irteeraren inguruan bozkatuko dute diputatuek; bozketa horretan ordezkariek akordiorik gabe ateratzeko testuingurua baztertzen badute, hirugarren bozketa bat egingo dute martxoaren 14an, irteera data atzeratzeari buruz.

Komunen Ganberan gaur egin duen adierazpenean, Mayk jakinarazi du ez duela Lisboako Ituneko 50. artikulua atzeratu nahi —irteera data—, eta diputatuei ohartarazi die maiatzaren 26ko Europako hauteskundeetan parte hartu beharko dutela, irteera data gutxienez ekainera arte atzeratzen badute. Horregatik, uste du Europako Batasunetik (EB) ateratzeko data atzeratzeak ez duela "ezer konponduko".

Jeremy Corbyn Alderdi Laboristaren buruzagiak atzo jakinarazi zuen alderdiaren brexit-erako planari buruzko mozio bat aurkeztuko duela Komunen Ganberan; diputatuek ezezkoa ematen badiote, laboristek bigarren erreferendum bati buruzko zuzenketaren alde bozkatuko dute biharko saioan —laboristek iragan iraileko konferentzian zehaztu zuten estrategia da—. Keir Starmer alderdiaren brexit-erako idazkariak gaur azaldu duenez, galdeketa horretako aukeren artean nahiko lukete EBn geratzearena.

Irteera data atzeratzea Erresuma Batuaren erabakia litzatekeen arren, EBko gainontzeko 27 estatu kideen baiezkoa beharko luke. Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak atzo adierazi zuen irteera data atzeratzearen alde dagoela, betiere bi aldeen ganberek ez badute ituna "garaiz" onartzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.