Kaxmir

Indiako armadaren bi hegazkin bota dituela dio Pakistanek

Pakistango iturrien arabera, hegazkinetako pilotuak atxilotu egin dituzte. Indiak ukatu egin ditu adierazpenok. Aurrez, New Delhik adierazi du Pakistango hegazkin bat erori dela bere lurretan, eta hiru pertsona hil direla.

Srinagarren (Kaxmir) eroritako hegazkin bat. FAROOQ KHAN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko otsailaren 27a
07:48
Entzun

1947an independentzia lortu zutenetik hainbat gerra piztu izan dira Indiaren eta Pakistanen artean Kaxmirren gaineko kontrola dela eta. Hala ere, egoera nabarmen baretu zen 1971n, bi estatuek lurraldearen zatiketa adostu baitzuten. Baina bart gaueko erasoaldiak tentsioa handitu du.

Pakistango iturrien arabera, Indiako bi hegazkin militar euren kontrolpeko Kaxmirko aire eremuan sartu dira, eta bota egin dituzte. Bi pilotuak atxilotuta daudela jakinarazi dute. Indiak, ordea, ukatu egin du halakorik. Aurrez, Indiako iturriek jakinarazi dute Pakistango aireko bat erori dela euren kontrolpeko Kaxmirko eremuan, eta hiru pertsona hil direla. Kasu horretan, Pakistango Gobernua izan da albistea ukatu duena.

Azken egunetan izan da eraso gehiagorik ere. Aste hasieran, Pakistango milizia batek 40 militar hil ditu Indiaren menpeko Kaxmirren. Pakistango ipar-mendebaldeko Balakot hiria bonbardatuz erantzun dio erasoari Indiako armadak. Haren arabera, hainbat miliziano hil dituzte. Pakistanek onartu du Indiako gerra hegazkinak sartu direla bere aire eremuan, baina ez hildakorik eragin dutela.

Hegaldi komertzialak, bertan behera

Bi estatuen arteko gatazkak eragina izan du hegaldi komertzialetan ere. Pakistanek bertan behera utzi ditu bost aireportutatik irtetekoak ziren hegaldiak, tartean Islamabadekoak eta Lahorekoak; eta berdin egin du Indiak ere. Nazioarteko hegaldiak ere aldatu egin dituzte euren ibilbideak Kaxmir gainetik igaro behar ez izateko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.