Literatura

'Disoluzio agiriak' poema liburua plazaratu du Jose Luis Otamendik

Bere baitan eta inguruan azkenaldian sumatu dituen aldaketen "berri poetikoa" eman nahi izan du idazleak, eta horrek "beste era batean idazten saiatzeko ahalegina" eskatu dio. Gorputza hartu du abiapuntu, inguratzen duen giro sozial eta ekonomikoa ahaztu gabe.

Jose Luis Otamendi idazlea, lan berria eskuan duela, Donostian. JON URBE / FOKU
Ainhoa Sarasola.
2019ko otsailaren 28a
12:54
Entzun

Gaur egungo garai aldakorrek sortzen dizkioten galderak agerian jarri nahirik idatzi ditu Jose Luis Otamendik Disoluzio agiriak (Susa) liburuko poemak. "Garai likido hauetan identitateak har ditzakeen hainbat tasuni erreparatu diot zahartzen ari den gorputz bat naizen aldetik, hots, gorputza dudala abiapuntu eta bizi ditudanen egoitza eta gertaleku nabarmendu nahi izan dut, baina inguratzen nauen giro soziala eta ekonomikoa ahanzteke batere", azaldu du, Leire Lopez Ziluaga Susako editoreak lagunduta Donostian egin duen aurkezpenean.

Aspaldi honetan bai bere barnean bai inguruan "aldaketa dezenteren zantzuak" sumatu dituela azaldu du idazleak, eta horien "berri poetikoa" eman nahi izan duela liburuan. Horrek "beste era batean idazten saiatzeko ahalegina" eskatu diola ere adierazi du. Garai bateko oroitzapenak nahiz egungo "errutinen ajeak" erakutsi ditu poemetan, bere edo besteren gogoetez lagunduta. Eta errealitate "arrunt itsusiaren markoa" sarritan bihurtu zaio gogoetarako eta kronika poetikorako sarbide. Berak bizi izandakoetatik lehen pertsonan aritu dela adierazi du, eta libre, aldi berean. "Plazan hitz egitera nator; ahots intimoa bilatuz, ordea. Ozen bai, baina etxe-barne girotik kontu txikiak egin guran".

Bost urte dira Otamendik aurreko lana, Kapital publikoa (Susa) aurkeztu zuela, eta bederatzigarren poema liburua du Disoluzio agiriak. Lopez Ziluaga editorearen ustez, "irakurleak betiko Otamendi aurkituko du hemen, eta, aldi berean, Otamendi ezberdin bat".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.