Finantza entitateak

Kutxabankek 332 milioi irabazi ditu iaz, %10 gehiago

Entitatearen portaera "oso positiboa" azpimarratu du Gregorio Billalabeitiak. Irabazien erdia, 166 milioi euro, joango da BBK, Kutxa eta Vital Banka fundazioetara.

Kutxabanken egoitza nagusia Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irune Lasa.
2019ko martxoaren 2a
07:54
Entzun

Iazkoa urte ona izan da Kutxabankentzat. %10 gehiago irabazi du, 332 milioi euro, sozietate zergan 74 milioi euro ordaindu ostean. Irabazi horien erdia, 166 milioi euro, joango da BBK, Kutxa eta Vital Banka fundazioetara.

Bezeroen negozioari lotutako aldagai guztiak hobetu ditu, bankuak berezkoa duen negozioak emandako sarrerak 1.057 milioi eurora igota (+%2 ). Eta zalantzazko aktiboak 500 milioi eurotan murriztu eta berankortasun tasa txikia txikitzen jarraitu du, %3,86ra —inguruko entitateen artean txikiena—, eta ondorioz, diru gutxiago jarri behar izan du zuzkiduretan,185 milioi (-%57).   

Emaitza onean zerikusia izan du ere bankuak gastuetan murrizketa handia egin duela. Gastu orokorrak %8,6 txikitu ditu eta pertsonalean iaz baino %3,4 gutxiago gastatu du.

Beste dirutxo bat, 74,8 milioi euro (+11,2), hainbat enpresetan dituen parte hartzeetatik etorri zaizkio Kutxabanki. Edonola ere, beste parte hartze batzuk saldu egin ditu bankuak, eta horri esker diru sarrerak handitu. 2018an zehar, Kutxabankek Euskaltelen %1,22 saldu du, eta abenduan jakinarazi zuen Ingeteam ingeniaritza enpresa bizkaitarrean zuen zatia %29,18tik %15,9era jaitsi duela.

Maileguak online

Bezeroen negozioari dagokionez, produktu berrien salmentak handitu ditu bankuak eta aseguruen negozioaren bilakaera bereziki ona izan du (+%10), marjina gordinera 136 milioi euroko ekarpena eginez. Interes marjina ere, hobetu egin du Kutxabankek bigarren urtez jarraian, Euriborrak urtea negatiboan itxi arren.

Hipoteka maileguen kontratazioen bolumena %22,6 handiagoa izatea lortu du Kutxabankek, eta gaur egun, entitateak emanak dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hipoteken %38.

Kontsumorako mailegu gehiago ere kontratatu ditu, 474 milioi euroraino (+%19,8). Deigarria da kontsumorako mailegu horien %23 online izenpetu direla. Kutxanbankek hamar bezerotatik lauk euren eragiketa guztiak Internetez egiten dituzte.

Bilakaera eskasena inbertsio funtsek eta pentsio planek eta BGAEetara egindako ekarpenek izan dute, eta positibo mantendu arren, partida horiek %1,7 jaitsi dira.

Kutxabankeko presidente Gregorio Billalabeitiak goraipatu egin du bankuak iazko urtean izandako portaera, eta "oso baikorra" izan dela azpimarratu du, besteak beste, ekonomia moteltze zantzuak erakusten ari denean, interes tasek negatiboak izaten jarraitzen dutenean, tentsio geopolitikoen ondorioz merkatuen hegakortasuna handia dela eta ikuskaritzak baldintza oso zorrotzak jartzen dituela. Kutxabanken emaitzen sendotasuna ere nabarmendu du Billalabeitiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.