Euskara

Diru laguntzen eredu berria adostu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek eta hedabideek

Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek eredu bateratua izango dute euskarazko komunikabideak babesteko. Denera 10,5 milioi euro jarriko dituzte, orain arte baino hiru milioi gehiago. Laguntzen deialdia aste gutxiren buruan argitaratuko dute erakundeek. BERRIArekin hitzarmena sinatuko du Jaurlaritzak.

Erakunde publikoek euskarazko hedabideak laguntzeko akordio berriaren aurkezpenerako agerraldia, gaur, Donostian. GORKA RUBIO, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko martxoaren 4a
07:12
Entzun

Argazki berria euskarazko komunikabideen esparruan: publikoak ez diren hedabideetako arduradunak eta EAEko erakundeetakoak elkarrekin, diru laguntzak hizpide direla. Laguntzen eredu berria adostu dute Hekimen hedabide elkarteak, Eusko Jaurlaritzak, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek.

Donostian aurkeztu dute akordioa, Tabakaleran. Erakundeen izenean, bertan izan dira Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburua, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Diputazioko Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaria, Ana de Castro Bizkaiko Aldundiko Euskara zuzendaria eta Joseba Perez de Heredia Arabako Aldundiko Euskara zuzendaria. Hekimen elkartearen izenean, bertan izan dira Igor Astibia elkarteko arduraduna, Iban Arregi BERRIA Taldeko kontseilari ordezkaria, Iban Arantzabal Tokikomeko zuzendaria eta Lorea Agirre Jakin-eko zuzendaria.

Hona hemen akordioa, bost gakotan:

1. Nondik dator aldaketa? Legealdi berriarekin, 2017 hasieran, gogoeta prozesu bat hasi zuten Jaurlaritzak, Gipuzkoako Diputazioak eta Hekimen elkarteak. Jaurlaritzako arduradun berriek agertua zuten zalantza aurreko taldearen erabakiekin —irizpideak aldatu zituzten, eta, besteak beste, jaitsiera handia ezarri BERRIAri—. 2017tik egindako bidearen emaitza da akordioa. Gipuzkoakoa soilik ez, Bizkaiko eta Arabako diputazioak ere sartu dira.

2. Aldaketa, zertarako? Batetik, erakundeek nabarmendu dute laguntzen sistema "ordenatu" egingo dutela: Jaurlaritzaren esku geratuko da hedabide nazionalak babestea, baita telebistak eta irratiak ere; tokiko aldizkariak babestea aldundien gain egongo da. Bestetik, "egonkortasuna" izango da ardatza. Hiru urterako laguntza ebatziko dute aurten: 2019, 2020 eta 2021.

3. Zein da oinarri berria? Orain arteko puntuazio sistemaren ordez, beste zimendu bat izango dute laguntzek: kostuen zati bat erakundeek estaltzea. Zehaztu dute portzentajea: %30. Oinarrizko aldaketa da. Aurrekontuaren ia herena estaliko dute administrazioek, baina zatirik gehiena hedabideek eurek lortu beharko dute; aurrerantzean ere ezinbestekoa izango da, beraz, irakurleen eta BERRIAlagunaren gisako babesleen ekarpena.

4. Zenbat diru jarriko dute? Kostu estandarren azterketa bat egin du Eusko Jaurlaritzak, Siadeco ikerketa elkartearen bidez. Horretan oinarrituta, erakundeek 10,5 milioi euroko diru saila jarriko dute euskarazko komunikabideak babesteko, orain arte baino hiru milioi euro gehiago. Jaurlaritzak jarriko du zatirik handiena: 7,9 milioi, iaz baino %61 gehiago. Haren ardurapean geratuko diren hedabide arloez gain, aldundiei bideratuko die diru kopuru bat, haiek tokiko aldizkarien laguntzetan jartzeko

5. Zergatik ituna BERRIArekin? Hedabide guztientzat gisa berekoa izango da oinarria, %30 izatea finantzaketa publikoa. Hala ere, deialdi orokor horretatik kanpo utziko dute BERRIA. Hedabide nazionala izanik, egindako banaketaren arabera, Jaurlaritzari dagokio laguntza ematea, eta erabaki du hiru urterako itun bat egitea, "deialdien sistematik aterata". Zupiriak adierazi du nazio mailako egunkari bakarra dela BERRIA, eta ezaugarri bereziak dauzkala. 2,3 milioi euro jasoko ditu aurten, eta zenbateko bera 2020an eta 2021ean. Iaz baino milioi bat euro handiagoa da kopuru hori. Igoera zuzenean dago lotua eredu aldaketarekin, orain arte proportzioan BERRIAk izan baitu erakundeen aldetik laguntzarik txikiena.

Egindako aldaketaren garrantzia nabarmendu dute hedabideetako ordezkariek. Zupiria sailburuak nabarmendu du hedabideen arloa "estrategikoa" dela euskara indarberritzeko bidean. Erakundeek "apustu sendoa" egin dutela azaldu du. "Euskarazko eduki interesgarriak sortzea zor diegu euskaldunei". Mendizabalek goraipatu egin du "eredugarria" dela hedabideek eta administrazioak egindako akordioa.

Euskal hedabideek urteotan egindako lana "aitortu" egin dute erakundeek gogoeta prozesu horretan, eta horren balioa goraipatu dute komunikabideetako ordezkariek. "Harreman zintzoa" izan da prozesuan, Arantzabalek dioenez; "ezinbesteko pausoa", Arregiren esanetan. Akordioaren edukia ez ezik, "egiteko modua" nabarmendu du Agirrek.

Astibiak nabarmendu du "aurrerapauso garrantzitsua" dela erakundeekin egindako akordioa, baina oraindik erronka handiak daudela euskarazko komunikazioaren arloan: hartzaileen kopurua handitzea, eremu berrietara zabaltzea, berrikuntza, kontsumo ohituren aldaketara egokitzea... "Elkarlana" ezinbestekotzat jo du horietan lan egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.