Hasierak

2019ko martxoaren 6a
11:25
Entzun

Dena, guztia-guztia guk uste baino lehen hasten da. Denak ditu bere erraiak nonbait.

Kasu honetan, ikasleon kasuan eskolan daude erraiak. Txikitatik hasten gara ikasten matxismoa. Adibidez, gaur egun ere, haur-eskoletara joanez gero, ez da harritzekoa mutil gehienak amantal urdinez jantzita aurkitzea eta neskak amantal arrosez.

Txikitan gehiketak eta kenketak eta horrelakoak erakusten dizkigute. Badakizue: bat gehi bat bi, baina neskak badira bat gehi bat hutsa. Zeren gero badirudi ez duela inportantziarik zenbat neska egon daitezkeen talde batean, beti bakarrik egongo garela. Bestela, esaguzue ea zenbat alditan ez ote diguten esan “Jo, neskak, zein bakarrik ikusten zaituztedan” talde batean egonik.

Askotan, klaseetan taldeka egiten dira ariketak. Horrek burura dakarkit behin lagun batek kontatutakoa. Badut A ereduan ikasi zuen lagun bat. Behin kontatu zidan nola klasean zeudela irakasleak korro bat egiteko eskatu zien, “Bueno, chicos, poneros en un circulo por favor”. Klaseko kide guztiak korrora joan ziren, baina bera ez, eta irakasleak galdetu zion ea zergatik ez zihoan korrora, eta berak erantzun zion: “Lo siento, es que tú has dicho que solo se pongan en circulo los chicos, no los chicos y las chicas”.

Eta orduan dudak hazten dira. Ea miopia ez ote den gure gizarteak daukan arazo larri bat. Eta okerrena da hazten zaren heinean zalantza hori ere gurekin batera hazten doala.

Adibidez, nagusiagoak egiten hasten garenean, historia klaseak ere jasotzen hasten gara. Eta lehen aipatutako hori berriz baieztatzen da. Zeren badirudi historiak iraun duen denbora guztian edo egon diren iraultza eta gerra guztietako batean ere ez dela egon emakume bat bera ere. Horregatik, historia liburu batean emakumeak sikiera aipatzen direnean… Hori bai izan ohi dela suertea!

Edo gorputz hezkuntzan taldeak egin behar direnean. Badirudi futbolean jolasteko taldeak egiten direnean neskak guztiz ikusezin bihurtzen garela eta futbolean jolastu nahi ez duten mutilak ere bai.

Nola ez, zuk hazten jarraitzen duzu, baita dudak eta zalantzak ere.  Eta duda berriak jaiotzen dira; alegia, neskak ez ote garen oso arazo zaleak edo.

Izan ere, edonork pentsatuko luke. Gauean irtetean irain matxistaren bat jasanez gero, errua gurea, gu bilatzen ari ginelako hola edo hala janztearren , edo bestela zuzenean gauean irtetearren.

Eta begira zein arazo zaleak garen! Gauean arazoak edukitzeaz gain, egunean zehar ere gustuko dugulako arazoak edukitzea! Izan ere, zenbat aldiz ez ote dudan entzun neskatila batek arazoak eduki dituela bere ikastetxe edo institutuan, bere short-ak laburregiak zirelako, edo bularretakoa eraman nahi ez zuenez titi puntak igartzen zitzaizkiolako. Ze badakizue: errua beti gurea. Zeren begira zein txarrak garen, non besteek klaseetan arreta galtzea nahi dugun!

Eta azkenean heltzen da nik “galderen garaia” deitzen dudana. "Ai, jo, eta zu zer, zuk zer ikasi nahi duzu? Unibertsitatera edo goi-mailako gradu batera, edo oraindik ez dakizu?". Eta mota honetako galderen artean beti egon ohi da zilarrezko galdera bat: "ZER ?!?! NOLA INGENIARITZA IKASI NAHI DUZULA? Bihotza, baina hori mutilentzako kontua da…". Edo klasekideen arteko ohiko komentarioa: “Bua, fijo hori ingeniaritzara sartu dela mutilekin ligatu nahi duelako”.

Edo sinpleki 15 eta 17 urte dituzten gazteen artean pasilloetan kristoren komentario matxistak entzuten direnean: “Bua, neska hori txerri bat da, azken hil honetan zenbat mutilekin ez ote den oheratu!”, edo “Bua, badago tipa bat kristoren lerda dena, baina, aizu, ukaezina da era berean kristoren neska katxarroa dela!”.

Txarrena da horrelako komentarioak egiten dituen pertsona batengana hurbilduz gero atentzioa deitzera, bera dela haserretzen dena. Eta askotan esaten dutela hori ez dela matxista izatea.

Aurreko gauza hauek guztiak matxismoaren adibide ditugu. Baina askok ez dute horrela ikusten, askok ez dakitelako ezta zer den matxismoa ere. Ez dutelako kontzientziarik gizartean dugun arazo honetaz. Horregatik beharrezkoa da eskola, ikastetxe eta institutuetan gai hauek lantzen dituen irakasgai bat egotea.

Arazoari aurre egin ahal izateko arazo bat dagoela jakin behar dugulako aurretik.

Hasieran esan bezala, gauza guztiek dituzte euren erraiak nonbait, eta oraindik aurrera matxismoaren aurkako eta feminismoaren erraietako bat hezkuntza-eremuan egotea nahi dugulako.

Bizi honetan ezagutzen ditudan sentimendu indartsuenak bi direlako: bat, askatasunarekiko maitasuna, eta bestea, askatasuna kentzen digunerako gorrotoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.