Indarkeria matxista

EAJk ekitaldi bat bertan behera utzi du Errenterian, andre batek eraso matxista bat pairatu duela ikusita

Emakume bat atera da atari batetik ihesean, laguntza eske; bozetarako hautagaiak aurkeztera joanda, han ziren hainbat buruzagi jeltzale.

Ertzaintza, erasoa gertatu den tokian. OARSOALDEKO HITZA
arantxa iraola
2019ko martxoaren 11
14:27
Entzun

"Gaur guri tokatu zaigu indarkeria matxista kasu baten lekuko izatea. Gertutasun eta babes osoa biktimari. Biolentzia matxista erabat onartezina da, eta ez dauka lekurik gure gizartean". Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanok txio baten bidez adierazi du gaur zer gertatu den Errenterian (Gipuzkoa). Indarkeria matxista pairatu du emakume batek, eta jazoeraren lekuko izan dira EAJko hainbat buruzagi, hara joanak baitziren udal hauteskundeetarako zerrenda aurkeztera. Agerraldia zen tokira zihoazela, Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñak eta Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente Eider Mendozak ihesi ari zen andre bat ikusi dute, eta babestu egin dute.

“Gertaera horren aurrean aurkezpena etetea erabaki dugu, ez delako unea aurkezpen bat egiteko halako kasu bortitz bat gertatuta", adierazi dute ondoren ordezkari jeltzaleek. Ertzainek andreak atzetik zuen gizona atxiki dute. Emakumea, berriz, salaketa jartzera joan da; Eider Mendozak hari laguntzea erabaki du. "Gure helburu nagusia emakume hori babestea da, eta horregatik joan da Eider Mendoza berarekin komisariara, gertu-gertuan egotera”, nabarmendu du Olanok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.