Kurdistan

Estrasburgok esan du Turkiak "adierazpen askatasuna urratu" zuela egunkari kurdu bat ixtean

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Turkiari agindu dio 3.500 euro ordaintzeko Ali Gurbuz egunkariko zuzendariari.

Ozgur Gundem egunkariaren itxiera salatzeko manifestazioa Istanbulen, 2016ko abuztuan. SEDAT SUNA, EFE.
2019ko martxoaren 12a
07:14
Entzun

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak adierazi du Turkiako Gobernuak adierazpen askatasuna urratu zuela 2016an Ozgur Gundem egunkari kurdua itxi zuenean. Azaldu du prozedura kriminalak «sistematikoki ireki» zituela egunkariaren aurka, edukia kontuan hartu gabe.

2016ko abuztuan eman zuen Turkiako auzitegi batek Ozgur Gundem (Gaurkotasun Librea) egunkaria ixteko agindua, «PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren propaganda egitea eta terroristen bozeramaile izatea» egotzita. Operazio horretan, egunkariko 24 langile eta kazetari atxilotu zituzten, eta Turkiako unitate bereziak indarrez sartu ziren kazetaren bulego nagusian, Istanbulen. Bertan zegoen informazio eta dokumentazio guztia eraman zuten, eta egoitza zigilatu.

Dena den, kazeta kurdu hori ia sortu zenetik egon zen arriskuan. 1992an jarri zen martxan, eta, orduz geroztik, gobernuak behin baino gehiagotan ixteaz gain, egunkariko kazetariak hil eta espetxeratu dituzte; esate baterako, 1994an hiru bonba lehertu zituzten egunkariaren inprimategietan, Ankaran eta Istanbulen. 2011n, ibilbide berri bat abiatu zuen, eta 6.700 ale inguru saltzen zituen —turkieraz argitaratzen zen soilik—.

2016ko uztailean Recep Tayyip Erdogan egungo Turkiako presidentearen aurka estatu kolpea eman zuen militar talde batek, eta jakina zen Ozgur Gundem egunkariaren aurka egingo zuela berehala. Aurretik, Fiskaltzak hainbat auzi ireki zituen kazetaren aurka, Abdullah Ocalan buruzagi kurduaren iritzi artikuluak argitaratzeagatik eta Murat Karayilan eta Cemal Bayik PKK-ko buruzagi militarrak elkarrizketatzeagatik. Erdoganek estatu kolpea gertatu baino lehen ere zenbait komunikabide erasotu zituen, besteak beste, martxoan Zaman egunkariaren kontrola bereganatu zuen, eta Cumhuriyet kazetako zuzendaria eta berriemaile bat atxilo hartu zituzten. Denera, 130 komunikabide itxi zituzten hilabete horietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.