Lan gatazka

Greba mugagabera deitu dute Ingemarren itxieraren mehatxua dela eta

Usurbilgo enpresako langile guztiak kaleratzeko erregulazioa aurkeztu du zuzendaritzak, eta orain urte eta erdi piztu zen esperantza zapuztu da.

Ingemarreko langileen agerraldi bat. IDOIA ZABALETA / FOKU
xabier martin
2019ko martxoaren 15a
12:22
Entzun

Marmolak prozesatzeko Usurbilgo fabrikan beltzez margotu da berriro etorkizuna, zuzendaritzak 35 beharginak kaleratzeko erregulazioa aurkeztu baitu. Itxiera da Ingemarreko buruzagien helburua, langile batzordeak salatu duenez. Ingemar taldearen barruan zeuden hala Lugoko lantegia nola Usurbilgoa, baina 2018. urte amaieran bat-egite prozesu bat abiatu zen, eta hortik Grupo Ingemar SL atera zen. "Bide batez, enpresaren egoitza Gipuzkoatik Galiziara eraman zuten", azaldu du langile batzordeak.

Gipuzkoako marmol lantegiaren arazoak aspaldikoak dira, eta taldeak gaur egun duen zorra 50 milioi euro inguru da. "Zuzendaritzak 2009. urtetik aurrera berregituratzeari ekin zion, eta, apurka-apurka, Usurbil deskapitalizatuz joan da, ekoizpena deslokalizatuz eta langileak kaleratuz".

2017. urte hasieran hartzekodunen konkurtsoa aurkeztu zuen enpresak, eta, hortik, hartzekodunen ituna atera zen 2017ko azaroan. Gero, 2018an taldearen aktibo guztiak bat egitea proposatu zen, eta 2019ko urtarrilean Usurbilgo lantegirako bideragarritasun plan bat aurkeztu zen. ELA sindikatuak dio taldearen aktiboak 48 milioi euroan balioetsita zeudela bat egitearen aurretik; "eta bat egitearen ondoren 24 milioi eurotan".

Lantalde erdia dago 2017ko irailaz geroztik

Langile batzordeak kontatu du 2017ko erdialdean kaleratze dosier zabal bat aurkeztu zuela zuzendaritzak, horietatik gehienak Usurbilen. 2017ko irailean erdira murriztu zuen 70 behargineko lantaldea. Plan berri batekin fabrikak gora egiteko esperantzan jarraitu zuen, baina orain, berriz, lanean geratu ziren beste guztiak kaleratzea da zuzendaritzaren plana.

Urtarrilaren 12an hartzekodunen konkurtsoan sartu zen Ingemar; Lugon aurkeztu zuen eskaera, taldearen beste lantegia dagoen lekuan. Urte eta erdi lehenago jabeek inbertsioak agindu zituzten Usurbil gora joan zedin, baina ezerezean geratu dira plan horiek. Eta langile batzordeak galdera bat egin dio zuzendaritzari: "Nola egingo diote aurre zorrari, balio erantsirik handieneko produktua egiten duen lantegia ixten badute?".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.