Erasoa Zeelanda Berrian

Zeelanda Berriko erasotzaileak bakarrik jardun zuela baieztatu du Poliziak

Aske utzi dituzte beste hiru atxilotuak, erasoarekin zerikusirik ez dutela-eta. Gobernuak adierazi du gogortu egin nahi dituela armen kontrolerako legeak.

Loreak Zeelanda Beriko Christchurch hirian, biktimen oroimenez. MICK TSIKAS, EFE.
2019ko martxoaren 18a
16:10
Entzun

"Azkenean badirudi gertakari lazgarri haren arduradun erasotzaile bakarra izan zela". Hala baieztatu du gaur Zeelanda Berriko Poliziaren buru Mike Bushek. Beste hiru lagun ere atxilotu zituzten Christchurch hiriko erasoekin lotuta, baina baieztatu dute haiek ez zutela zerikusirik izan. "Horrek ez du esan nahi beste inor ez zegoekin babesa ematen, eta hori argitzeak jarraitzen du izaten gure ikerketaren parte garrantzitsu bat", zehaztu du Poliziak.

Australiar bat da orain erasoarekin lotuta atxilotutako bakarra. Larunbatean pasatu zen epaile aurretik. Zuzenean emititu zuen Facebook sare sozialean, hamazazpi minutuz, soinean zuen GoPro kamera erabilita: autoan sartu zen, meskita bateraino gidatu zuen, autoa aparkatu zuen, ibilgailutik atera zen, atzeko atea ireki zuen, arma bat hartu zuen, eta eraikinera sartu zen, helburua argi zuela. Bi meskitari eraso egin, eta 50 lagun hil eta 48 zauritu zituen gutxienez. Musulmanen aurkako manifestu bat ere zabaldu zuen sare sozialetan, antza, Anders Behring Breiviken manifestuan inspiratuta —2011n, 69 lagun hil zituen Norvegiako Utoya uhartean, eta zortzi Oslon—.

Jacinda Ardern lehen ministroak, bestalde, armen kontrolerako legeak gogortzeko asmoa agertu du: "Gure komunitatea seguruagoa izatea nahi badugu, orain ekin behar diogu". Zehaztasunak datozen egunetan emango dituztela azaldu du Ardernek, eta ikerketa batzorde bat martxan jarriko duela gobernuak ere. Sare sozialen erabileraz ere ohartarazi du lehen ministroak: "Uste dut badaudela gauzak egin ditzakegunak, eta egin behar ditugunak".

Armen konbentzio bat, bertan behera

Hain justu, Kumeu Militaria Show armen inguruko konbentzio handi bat egitekoa zuten egunotan Zeelanda Berrian, baina bertan behera uztea erabaki dute. Antolatzaileek iragarri dute "biktimekiko errespetuz" hartu dutela neurria, eta "segurtasunerako arrisku egoera handia" saihesteko. Eragindako kalteengatik barkamenak eskatu dizkiete "ibilgailu militarren jabeei, saltzaileei eta armadako militarrei", besteak beste. Konbentzioaren antolatzaileek nabarmendu dute "gure herrialdea zebitzatzen dutenei laguntzea" eta "gure historia militarrari buruzko interesa piztea" zela konbentzioaren helburua-

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.