Ingurumena

Garoñaren eraistea geldiarazi dute, hondakin nuklearrak kudeatzeko arazoengatik

Erradioaktibitate handiko hondakinen kudeaketa proiektua geldiarazi du Espainiako Gobernuak, eta ondorioz, geldirik daude Garoñako zentral nuklearra eraisteko lanak.

Garoñako zentrala, artxiboko irudi batean. DAVID AGUILAR/EFE
2019ko martxoaren 18a
13:52
Entzun

Garoñako (Burgos, Espainia) zentral nuklearra eraisteko lanak geldirik daude uneotan. Hango erradioaktibitate handiko hondakinekin zer egin erabakitzeko proiektua geldiarazi du Espainiako Gobernuak, eta ondorioz, zentral nuklearra eraisteko lanak gelditu behar izan dituzte, gaur Vocento taldeko egunkariek dakartenez. Gaur-gaurkoz, erreaktoreko erregaia zentralaren piszinetan dago gordea, Enresa enpresa publikoak ez baitu erabaki oraindik nora eraman behar dituen hondakin horiek.

Gorabehera handiak izan dira Garoña ixteko prozesuan. Villar de Cañas (Gaztela Mantxa, Espainia) herrian zuten egitekoa erradioaktibitate handiko hondakinak biltzeko proiektua, baina bertan behera geratu da oraingoz, eta egoera zaildu du horrek.

Abuztuan jakinarazi zuten 2019ko bigarren seihilekoan hasiko zirela Garoñako zentral nuklearra eraisten. Nuclenorrek ohar bat bidali inguruko udalei.

2012ko abenduan itxi zuten Garoñako zentral nuklearra, 40 urtean baino gehiagoan argindarra ekoizten aritu ostean. Berez, 2009ra arteko baimena zuen zentralak lanean jarraitzeko, baina Espainiako Gobernuak beste lau urtez luzatu zion lizentzia. Ondoren, Nuclenorrek zentrala berriz zabaltzeko baimena eskatu zion Madrili. Hark, ordea, hainbat hobetze lan egiteko baldintza jarri zion. Enpresak atzeratu egin zituen lan horiek, zabaltzeko oniritzia jaso zain zeudela esanez. Azkenean, ordea, ezezkoa izan zen Espainiako Gobernuaren erantzuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.