Euskaltel

Kutxabankek %20tik behera jaitsi du Euskalteleko parte hartzea

Bankuak Euskalteleko bere akzoien %0,21 saldu ditu merkatuan

Euskaltelen denda bat, artxiboko irudi batean. EUSKALTEL
Jon Fernandez.
2019ko martxoaren 19a
12:22
Entzun

Zegona Erresuma Batuko funtsa Euskaltel bereganatzeko asmotan dabilen honetan, Euskaltelen akziodun nagusiak, Kutxabankek, bere parte hartzearen %0,21 saldu berri du merkatuan, CNMVri jakinarazi dionez. Iazko maiatzean beste %1,22 saldu zituen —artean Zegonak ez zuen publiko egin Euskaltelerako zeukan plana—, eta oraingo %0,21eko salmenta gehituta, denera %1,43 txikitu du parte hartzea Kutxabankek Euskaltelen, eta hori jakinarazi dio CNMVri. Euskaltelen akziodun nagusia, beraz, parte hartzearen %20ko langatik behera jaitsi da: telekomunikazio konpainiaren %21,32 zeukan lehen, eta %19,88 dauka orain.

Hainbat hedabidek adierazi dute Zegonak erosi dituela Kutxabankek saldutako akzioak, eta akzio bakoitza zortzi euro baino merkeago saldu diola finantza erakundeak. Bankuko iturriek kazeta honi azaldu diote ez dela egia zortzi euro baino merkeago saldu dutenik akzioa, eta Kutxabankek ez dakiela nork erosi dituen saldutako akzioak, merkatuan anonimotasuna mantentzen delako.

Ezaguna da Zegonak Euskaltel bereganatzeko azkenaldian agertutako asmoa, eta testuinguru horretan dator Euskaltelen akzio salmenta. Baina Kutxabankeko iturriek ukatu egin dituzte konpainia britainiarren interesen eta euskal bankuaren salmenten arteko lotura zuzenak. Bankuko iturrien esanetan, akzioen azken salmentaren helburua Kutxabanken Euskalteleko parte hartzea %20tik jaistea izan da, "kontabilitateko helburu teknikoak" betetzeko: "Gure emaitzetan hegakortasuna txikitzea da helburua".

Orduan, behin "kontabilitateko helburu tekniko" hori beteta, Kutxabankek ez du Euskalteleko akzio gehiago salduko? "Hori ezin dugu esan", erantzun dute bankuko iturriek. "Inoiz ezin dugu horrelakorik esan akzioen salmenten inguruan, ez aurka, ez alde".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.