Jugoslavia ohia

Karadzici kondena gogortu eta bizi guztiko espetxe zigorra ezarri dio Hagako auzitegiak

NBEren Nazioarteko Auzitegiak gogortu egin du 2016ko martxoan Bosniako serbiarren buruzagi ohiari ezarri zioten 40 urteko espetxe zigorra. Auzitegiak adierazi du epai horrek oker islatu zuela leporatu zitzaizkion gertaeren "muturreko larritasuna".

Radovan Karadzic Bosniako serbiarren buruzagi ohia, gaur, Hagako auzitegian. PETER DEJONG, EFE
2019ko martxoaren 20a
18:20
Entzun

Radovan Karadzic Bosniako serbiarren buruzagi ohia Srebrenica eta Sarajevoko sarraskien erantzulea dela berretsi du NBEren Nazioarteko Justizia Auzitegiak, eta bizi guztiko espetxe zigorra ezarri dio. Karadzic 40 urteko espetxera kondenatu zuen Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak, 2016ko martxoan. Epai horri helegiteak aurkeztu zizkioten Karadzicek eta fiskalek. Bi aldeen argudioak aztertu ditu NBEren Hagako auzitegiak —hark hartu du bere gain Jugoslavia ohirako auzitegiaren funtzioa—, eta epai irmoa eman du: Karadzic bizi osorako kartzela zigorrera kondenatzea. 73 urte ditu buruzagi ohiak.

Fiskalek bizi osorako espetxe zigorra eskatu zuten helegitean eta aintzat hartu du eskaria epaimahaiak. Karadzicek, berriz, epaiketa berriz egitea eskatu zuen, auzian "zuzenbide akatsak" izan direla iritzita. Zazpi urte iraun duen auzia "kontrolik gabeko epaiketa" izan dela salatu du.

Hagako auzitegiak berretsi egin du Karadzic Srebrebica eta Sarajevoko sarraskien erantzule izan zela, eta gaineratu du aurreko epaiak oker islatu zuela leporatu zitzaizkion gertakarien "muturreko larritasuna". Epaian, genozidioa egotzi dio Srebrenicaco sarraskiarengatik. Horrez gain, gizateriaren kontrako krimenengatik eta gerra krimenengatik errudun jo du.

Serbiarren tropek 1995eko uztailaren hasieran abiatu zuten Srebrenicaren aurkako erasoa. Herria Nazio Batuen Erakundearen zaintzapean zegoen arren, serbiarren armadak uztailaren 11n ekin zion erasoari, Ratko Mladic jeneralak aginduta. Egun hartan, 8.000 pertsonatik gora hil zituzten; gehienak, gizonezko bosniakiarrak —hegoaldeko eslaviar musulmanak—. Emakumeak eta haurrak, berriz, indarrez herritik bota zituzten; II. Mundu Gerraren ondoren Europan genozidiotzat jotako eraso bakarra izan zen. Mladicen aurkako epaiketa oraindik amaitu gabe dauka Hagako Auzitegiak.

Garai berean, Sarajevo hiru urtez setiatu zuten serbiarren indarrek; guztira 11.000 herritar hil ziren, tartean mila haur inguru. Auzitegiaren arabera, Karadzic setio horretan gertatutakoaren erantzule nagusia da, zer gertatzen ari zen jakiteko arrazoiak zituelako, eta ez zuelako agindurik eman sarraskien erantzuleak gelditzeko eta zigortzeko. Karadzicen aurkako karguen artean daude herritarrei jazartzea, haiek deuseztatzea, hiltzea eta kanporatzea; baita izua sortzea eta zibilen aurkako erasoak agintzea ere. Epaiketan, Sarajevoko setioaren 585 testigantza aurkeztu zituzten.

Sarajevoko setioa amaitu zenean, Karadzicek ihes egin zuen, eta hamahiru urtean ezkutuan bizi izan zen. Izena aldatu zuen, eta Belgraden ezarri zen. Psikiatriako lizentziaduna denez, terapia naturalen mediku lanetan ibili zen, kontsulta pribatu batean. Poesia liburu bat ere argitaratu zuen. 2008an atxilotu zuten, Belgradetik gertu, eta urtebetera hasi zuten haren aurkako epaiketa.

Jugoslavia ohirako Nazioarteko Auzitegiak orain arte epaitutako kargudun politiko garrantzitsuena da Karadzic. Aurrez, Slobodan Milosevic Jugoslaviako presidente ohiaren aurkako epaiketa hasi zuen, baina bihotzekoak emanda hil zen, 2006an. Mladic jeneralaren azken epaia ez du eman oraindk Nazioarteko Justizia Auzitegiak. 2017ko azaroan, bizi guztiko espetxe zigorrera kondenatu zuten, Srebrenicako genozidioarengatik eta gerra krimenengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.