"Ez gaude ados Getxon gerraontziak egotearekin". Hala esan zuen joan den astean Getxoko (Bizkaia) Udalak, EAJ, PSE, Guk eta EH Bilduren babesarekin onartutako adierazpenean —PPk eta Ciudadanosek aurkako botoa eman zuten—. Egunotan, izan ere, Bizkaiko golkoko uretan dabil Juan Carlos I gerrarako hegazkinontzia, eta Getxoko portura sartzekoa da bihar. Astelehenean irten zen Rotako portutik (Cadiz, Espainia), eta Cristobal Colon ontziarekin batera, biharko 08:0 aldera da sartzekoa Getxoko portuan.
Sirio 19 izeneko ariketen barruan ari dira maniobra horiek egiten. Astelehenean hasi ziren ariketekin, eta, Bizkaian ez ezik, Nafarroako Bardean ere egin dituzte ariketak. Fikziozko egoera bat antzezten ari dira: Nordia eta Iberness izendatutako bi herrialderen arteko gerra.
"Ate irekien jardunaldiak" ere antolatu dituzte larunbaterako eta iganderako Juan Carlos I ontzian. Gerraren negozioaren, gastu militarraren eta ariketa militar horien aurka, elkarretaratzera deitu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, larunbaterako, ate irekietarako lehen saioarekin batera. 11:00etarako jarria dute ordua, Getxoko portuan.
232 metro luze da Juan Carlos I gerraontzia, eta 350 militar eramateko tokia du, gutxi gorabehera. Bost hegazkin eta helikoptero bat ere badaramatza.