Hondakinak

Bizkaiko TMB planta "arratoiz beteta" dagoela salatu dute langileen ordezkariek

Erakundeek "ez diote behar besteko jarraipenik egin" hondakinen tratamendurako planta horretan dauden higiene baldintzei, langileen iritziz. Agerraldia egin dute Bizkaiko Batzar Nagusietan.

Arraiz mendiko TMB planta. JON HERNAEZ / FOKU
2019ko martxoaren 22a
09:45
Entzun

Arraiz mendiko tratamendu mekaniko biologikoko plantarekiko (TMB) "kontrol falta" egotzi die ELAko ordezkari Enrique Alvarezek erakundeei. Haren iritziz, ez diete behar besteko arretarik jarri plantaren barruko garbitasun baldintzei, eta modu honetan azaldu du egoera: "arratoiz beterik dago".

Legionella kasu bat atzeman zuten TMB plantan duela zenbait aste, eta itxita eduki zuten astebetez. Orain, "ezer gertatu ez bazen bezala" ari direla lanean salatu du ELAko ordezkariak, nahiz eta, bere iritziz, egoera ezin den normaltzat jo, besteak beste, garbilekuak eta dutxak "zigilatuta" daudelako eta ezin direlako erabili. Alvarezek salatu duenez, enpresak hamabi egunez ezkutatu zien langileen ordezkariei legionella kasu bat izan zela instalazioetan, eta, bitarte horretan, beharginak kutsatutako urarekin aritu zirela dutxatzen. ELAko kideak gaineratu duenez, duela hiru urte salatu zituzten langileen lan baldintza "txarrak" eta orain "okertu" egin dira.

TMB plantan bi aldiz atzeman dute Q sukarra (animali hilen ondorioz sortzen da), eta hainbat langileri erasan die izurrite horrek. Horren inguruan Osalanek egindako gomendioak enpresak ez dituela aplikatu salatu du Alvarezek. Hain zuzen ere, hildako animaliak instalazioetatik ateratzeari buruz dira gomendio horietako batzuk.

Plantaren barruko garbiketa egiten duen langileen kopurua ez da nahikoa, ELAren iritziz, eta horrek "arazo handia" ekarri die bertan beharrean ari direnei. Arratoiak egoteaz gain, zikinkeria pilatzen da han-hemenka, esate baterako, eskaileretan. Horren ondorioz, 14 erorketa gertatu dira eskaileretan. Halaber, salatu du ez dagoela pertsonal nahikorik mekanikoki bereizi ezin diren hondakinak eskuz berreskuratzeko. Hala, birziklatutako material kopurua ez da %5era iristen, eta %7ra iritsi beharko litzateke. Horren ondorioz, plantan 2018an jaso ziren 179.000 tonetatik 3.500 tona ezin izan dira berreskuratu.

TMBa Garbiker foru erakundeko enpresak kudeatzen du, eta hark eman die, azpikontratatuta, Pabisa eta Valoriza-Sacyr enpresei. Alvarezen iritziz, Garbikerrek hauxe egin du: "azpikontratatu eta ahaztu zer gertatzen den hor".  Ildo horretan, langileen ordezkariekin biltzeari uko egiten diola ere salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.