Bertsolaritza

Julio Sotok irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketa

Orain bi urte bezala, Eneko Lazkozekin jokatu du buruz burukoa.

Julio Soto, Nafarroako txapelarekin. JAGOA MANTEROLA / FOKU
Erredakzioa
2019ko martxoaren 23a
08:11
Entzun

"Ez da uste bezain zaila/ zoriona aurkitzea/ besteei pakea eman/ zein norberak sentitzea/ baldintza derrigorra da/ orainean gelditzea/ burua atzoan edo / geroan ez ipintzea/ nahiz gertatu gozatzea/ bezelaxe sufritzea/ ondoan norbait sortzea/ ondoan norbait hiltzea/ nahiz gertatu gozatzea/ bezelaxe sufritzea/ bere poz eta bere min/ ederra da bizitzea". Hori izan da Julio Sotok txapela jantzi ostean bota duen agur bertsoa. Bosgarren aldiz irabazi du Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Saioaren ostean EITBn egindako adierazpenetan, esan du oso pozik sentitu dela saioan, batez ere momentua bizitzen jakin duelako.

Sotoren (1.172) eta Lazkonez (1.114) atzetik, honela geratu da sailkapena: Xabier Terreros(635), Joanes Illarregi (631), Julen Zelaieta (626,5), Eneko Fernandez (620), Xabat Illarregi (608) eta Xabi Maia (597).

Hasieratik amaierara, ariketa guztietan aritu da sendo txapelduna, eta amaieran, kiniela gehienetan zen faboritoa. Hauek izan dira buruz buruzkoan bota dituen lehen eta azken bertsoak. "Tolestu eta gorde egin duzu" zen gaia:

Nola umea ibiltzen den
tipi tapa tipi tapa
badira urte batzuek
daukadala taka-taka
orratza nola den inoiz
gelditzen ez den tik taka
eta nik jadanik erre
ditut hainbeste etapa
orain laurogehi urte da
ni sortu ninduten data
ta harekin konforme naiz
aukeratzerik ez da ta
nahiz ta testamentua den
ya Damoklesen ezpata
nik ya badakit hiltzeko
ez zaidala asko falta

Kajoia itxi dut eta
giltzatxo batekin jarri
nahiz badakidan norbaitek
zabalduko dula sarri
badakizue bizitzan
egiten da iratzarri
ta azken loaren ordua
heriok ohi du ekarri
eta bai hi heriotza
habil korri eta korri
inportarik ez diala
bizar beltz zein ume gorri
baino arren ez begiratu
julio den agure horri
pixkat baten bizin nahi dik ta
oraindikan ez etorri

Joxema Leitzak jantzi dio txapela Sotori, eta, zeregin horren bidez, bertsoaren alde egindako lana eskertu nahi izan dio Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Txalo zaparrada handia jaso du oholtzara igo denean. 1.350 lagun elkartu dira Iruñeko Anaitasuna kiroldegian, eta giro oso ona izan da. Besteak beste, pankarta ugari eman dituzte bertsozaleek bertsolariak animatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.