Hezkuntza

Itunpekoetako sindikatuak "dezepzionatuta" atera dira negoziazio mahaitik

Kristau Eskolak soldatak Jaurlaritzaren finantzaketarekin lotu nahi dituela salatu dute. Datorren asteko greba deialdiari eutsiko diote.

jarraia164373.jpg
Ibai Maruri Bilbao.
2019ko martxoaren 25a
19:46
Entzun

Aste honetan patronalek ezusteko proposamenik egin ezean, atzo mahai gainean ipinitakoak ez du balio izan Kristau Eskolako eta IZEAko ikastetxeetan datorren astelehenean hasiko den lau eguneko greba deialdia saihesteko. "Dezepzionatuta" irten ziren ELA, LAB, Steilas, CCOO eta UGT sindikatuak Kristau Eskolak ordezkariekin gaur goizean izan duten negoziazio mahaiaren bilkuratik. Bukatutakoan ezkor egin du berba Miren Zubizarretak, ELAko Hezkuntza arloko arduradunak, beste laurak alboan dituela: "Urrun dago akordioa; epe laburrera ez da posible izango".

Urtarrilaren 11n bildu zen azkenezkoz negoziazio mahaia. Harrezkero, patronalak banakako bilerak egin ditu sindikatuekin. Tartean bi greba deialdi izan dituzte, urtarrilean bertan eta martxoan. Zubizarretaren esanetan, gaurko mahaian banakako bilera horietan aipatutakoa idatziz aurkeztu dizkiete. Aurreko egunetan sindikatuek aitortu izan dute "urrats" batzuk egin izan dituela patronalak, baina "eskasak" zirela; ez zietela erantzuten langileen eskariei. Hala, gaurkoari ere ezezkoa eman zioten bost sindikatuetako ordezkariek.

Erabateko adostasuna agertu dute bostek. Patronalak esan die ez duela proposamena hobetzeko aukera handirik, "muga-mugan" dagoela. Gaur aurkeztutakoari ikusten dizkioten hutsuneak idatziz bidaltzeko eskatu diete sindikatuei. Elkarrekin egingo dute idatzia, eta osteguna baino lehen bidaliko diote. Baina, seguruenik, berandu izango da datorren asteleheneko greba saihestuko duen akordioa lortzeko.

Bereziki soldatei dagokien proposamenak eragin du sindikatuen haserrea. "Onartezin" jo dute. Baina ez diru kopuruagatik, nahiz eta salatu duten patronalak egindako proposamenarekin  ez dutela eros ahalmena berreskuratuko. Azken urteen langileekin hartutako zorra kitatzeko, aparteko ordainsari bat proposatu du Kristau Eskolak: behin ordainduko litzateke, eta ez lukete langile guztiek jasoko; irakasleentzat litzateke. Sindikatuek uste dute soldataren parte izan beharko lukeela, eta guztientzat.

Hainbat sindikatuk dagoeneko esana dute soldaten zenbatekoa ez dela negoziazioko ardatzetan garrantzitsuena. "Patronalak soldatak Eusko Jaurlaritzaren finantzaketari lotu nahi dizkio, eta, gainera, epe luzerako izatea nahi du, 2023ra bitartean", azaldu du Zubizarretak gatazkaren oinarria. Ohartarazi du soldatak negoziazio mahaian eztabaidatu behar direla, bestela sindikatuei negoziatzeko eskubidea urratzen zaiela.  

Kristau Eskolako zuzendari nagusi Mikel Ormazabal, ordea, ezkorragoa da. Ohartarazi du ez dela bideragarri gaurko proposamenari hobekuntzak gehitzea. Beraz, proposamen horretan egin beharko dira akordioa ahalbidetu dezaketen aldaketak. Gurasoen kezkarekin bat egin du; esan die greba saihesteko euren "esku dagoen guztia" egin dutela. Hona patronalak egindako proposamenaren gako nagusiak:

1. Enplegua. Soberan egon daitezkeen langileen «%100» birkokatzeko akordioa lortzeko konpromisoa hartu du Kristau Eskolak.  Jaurlaritzak joan den astean aurkeztutako proposamena hartuko du kontutan. 

2. Soldatak. 2017, 2018 eta 2019 urteetarako, finantzaketa publiko bidez jasotako soldata gehi %0,5 ordaintzea proposatu du irakasleentzat. Hala, HH eta LHko irasleek 2009an baino %4,22 gehiago kobratuko lukete; DBHko lehen zikloko irakasle ez lizentziatuek, %4,34 gehiago; DBHko lehen zikloko lizentziatuek, %12,93; eta bigarren ziklokoek eta Batxilergokoek, %3,09. 2020-2023 urteetan, Jaurlaritzak finantzatutako soldata igoera irakasle eta Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileentzat, KPIaren bestekoa bada; gutxiago denean, KPIaren besteko igoera. Aparteko ordainsari bat proposatu da, irakasle eta HHko lehen zikloko langileentzat, 2017ko eta 2018ko oinarrizko soldataren %2aren parekoa.

3. Parekatzea. DBHko lehen eta bigarren zikloetako irakasle lizentziadunen soldatak 2019ko urtarrilaren 1etik parekatzea proposatu da.

4. Lan karga. 1.252 ordu, urtean. Horietatik hiru, ordu astero ikastetxean bertan ikasgelaz kanpoko lanak egiteko. Urte osoan ikastetxetik kanpo 40 ordu lan egin direla aitortuko da. Gaixoaldiak hirugarren egunetik ordezkatuko dira; sei egun baino gehiago iraungo duela jakitean, lehen egunetik.

5. Lanbide Heziketa. Irakasleen lan astea 32 ordukoa izango da. Erdi mailako eta goi mailako graduetan, bigarren ikasturteetan, 25-26 ordukoa.

6. Arlo feminizatuak. Heziketa berezikoek 97 ordu gutxiago egingo dituzte lan urtean, eta 35 ordu izango dituzte koordinaziorako. HHko lehen ziklokoek 35 ordu gutxiago egingo dituzte, eta 125 ordu koordinazio eta formaziorako. Irakasleen eskubide batzuk eskuratuko dituzte bi langile taldeek: adibidez, beste lanpostu batzuetara aurkeztu ahalko dira eta doan bazkalduko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.