Espainia

Borrellek elkarrizketa bat eten du Alemaniako telebista kate batean, Kataluniaz galdetu diotenean

Elkarrizketa egiten ari zitzaion kazetariari gezurretan aritzea leporatu dio Espainiako Atzerri Gaietarako ministroak, eta hain galdera partzialak ez egiteko eskatu dio.

2019ko martxoaren 28a
07:10
Entzun

Espainiako Atzerri Gaietarako ministro Josep Borrell ez da bizi bere garai politikorik lasaienean. Mexikoko presidente Manuel Lopez Obradorrek Espainiari barkamena eskatzeko galdegin zion asteartean, eta, egun berean, Frantziako 41 senatarik Kataluniako buruzagi independentisten kontrako "errepresioa" salatu zuten. Galtzak bete lan dituela, zurrunbilo mediatikoan da Borrell, Alemaniako DW telebista katean egin dioten elkarrizketaren harira.

Ministroak haserre erantzun ditu Conflict Zone saioa gidatzen duen Tim Sebastian kazetariaren galderak, Kataluniaz mintzatu direnean. Sebastianek galdetu dio zergatik ez duen Konstituzioa moldatzen Espainiako Gobernuak, estatuko lurraldeen independentziarako bide legezkoak jasotzeko. Borrellek erantzun du Kataluniako agintariek Espainiako Konstituzioaren erreforma proposa dezaketela Kongresuan, "euskal herritarrek egin zuten bezala". Kataluniarrek aukera hori baztertu dutela adierazi du.

Kazetariak, orduan, galdetu dio zergatik ez duen gobernuak berak bultzatzen erreforma hori. "Ez zaizue interesatzen Konstituzioa erreformatzea?". Borrellek beste galdera batekin erantzun du: "Nork eskatzen du hori?". Kazetariak ministroari CIS Ikerketa Soziologikorako Zentroaren datuak ekarri dizkio gogora. Azaldu duenez, espainiarren %70ek nahi du Konstituzioa erreformatzea. Orduan, Borrelli aurpegia aldatu zaio, eta elkarrizketa eteteko eskatu die telebista kateko langileei. "Etengabe ari zara gezurretan", egotzi dio ministroak kazetariari. Sebastianek CISen datuak errepikatu dizkio ministroari, eta Borrellek, amaitzen utzi gabe, galdetu dio zer-nolako erreforma nahi dute espainiarrek. "Nolabaitekoa", erantzun du kazetariak. "Eten grabaketa hau", galdegin du berriro ere Borrelek. Kazetariak ez du amore eman, eta elkarrizketa zergatik eten nahi duen galdetu dio. "Ez dut hau egin nahi", adierazi du ministroak.

Saioa eten egin dute, baina Borrellek elkarrizketa amaitzea erabaki du, bere aholkularien gomendioari jarraituz. Tentsioa ez da baretu, ordea. Elkarrizketaren amaieran, Borrellek kazetariari esan dio eskertuko liokeela galdera hain partzialak ez egitea hurrengo batean. Sebastianek erantzun irmoa eman dio: "Jauna, ni ez nago hemen zure gustuko galderak egiteko".

'Bateragune auzia'

Borrellen estuasunak ez dira mugatu Kataluniako prozesu subiranistari lotutako galderetara, kazetaria Bateragune auziaz ere mintzatu zaio eta. Borrelen adierazpenaren harira ekarri du gogora Sebastianek Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Rafa Diez ezker abertzaleko kideen kontrako epaiketa. Izan ere, Borrelek nabarmendu du Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiaren kontrako salaketa gutxiago jaso dituela Europako Batasuneko beste estatu askoren kontrakoak baino. Sebastianek segidan erantzun dio, Estrasburgoko auzitegiak ebatzi zuenez, Bateragune auziko bostek ez zutela epaiketa bidezkoa izan Espainian. Borrel erantzunik gabe gelditu da. "Horrek ez du eztabaidarako laguntzen, ezta?" gaineratu du kazetariak, Borrelen isiltasunaren aurrean.

Gobernuaren babesa

Espainiako Gobernuak babestu egin du Borrellen jarrera. Carmen Calvo presidenteordearen hitzetan, gobernuak ezin ditu onartu egia ez diren gertakariak. "Gobernuak ezin du ontzat eman gure herrialdean preso politikorik dagoenik, edo beraien ideiengatik bakartze ziega batean daudenik". Calvok nabarmendu du hori ez dela "egia", eta, "egia ez denez, argi utzi beharra dago irmotasunez".

Galdera deserosoak zirela eta, elkarrizketa eteteko eskatu zuen Espainiako beste ordezkari batek Australiako Special Broadcasting Service telebista katean, 2007an. Antonio Camacho orduan Segurtasun estatu idazkari zenak —Espainiako barne ministro izendatu zuen Jose Luis Rodriguez Zapaterok, 2011n— harriduraz eta gogo txarrez hartu zituen David O'Shea kazetariak euskal herritarren kontrako tortura salaketei buruz egin zizkion galderak. Kazetariak gogora ekarri zion giza eskubideen aldeko hainbat elkartek salatu zituztela tortura praktikak Espainian, inkomunikaziopeko atxiloaldietan. Camachok, elkarrizketa eten, eta kamera itzaltzeko eskatu zuen, "elkarrizketaren baldintzei buruz hitz egiteko".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.