Zinema

Annemarie Jacir omenduko dute Giza Eskubideen 17. Zinemaldian

Lehen emakume palestinarra izan zen film luze bat zuzentzen (2008), eta 'Wajib' hirugarren film luzea aurkeztuko du zinemaldian, saria jasotzearekin batera. Guztira, 68 film proiektatuko dira: 34 luze, eta beste hainbeste labur.

Annemarie Jacir zinemagilea, Canneseko zinemaldiko iazko edizioan. IAN LANGSDON / EFE
Andoni Imaz.
2019ko martxoaren 28a
15:05
Entzun

Dagoeneko jakina zen Fernando Bernuesek zuzendutako Soinujolearen semea filmarekin hasiko dela aurtengo Giza Eskubideen Zinemaldia, Donostian. Gaur, ordea, egitarau osoa aurkeztu du Josemi Beltran Giza Eskubideen Zinemaldiko programazioaren arduradunak, aldamenean zituela Eneko Goia Donostiako alkatea, Maribel Vaquero Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Sergio Moreno Amnesty International GKE gobernuz kanpoko erakundeko kidea, eta Idoia Azpilikueta Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeko kidea. Apirilaren 5ean abiatuko da zinemaldia Bernardo Atxagaren eleberrian oinarritutako filmarekin, eta hilaren 12ra arteko programazioa osatu dute.

Euskal ekoizpen batekin hasi, eta izen handiko zuzendari baten lanarekin itxiko dute 17. jaialdia: François Ozonen Grâce à Dieu azken lana emango dute zinemaldiaren azken egunean. Frantziako zuzendaria ezaguna da Donostian, 2012. urtean Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra eskuratu baitzuen Dans la maison pelikularekin. Orain, Elizaren sexu abusuen inguruko filma aurkeztuko du Giza Eskubideen Zinemaldian.

Hura ez da izango, ordea, jaialdiaren azken eguneko protagonista nagusia: itxiera galan, Annemarie Jacir zinemagile palestinarrari emango diote saria. Beltranek nabarmendu du ohi baino zuzendari gazteago bat sarituko dutela aurten —45 urte ditu Jacirrek—: "Etorkizunari begira emandako saria da". Hamasei pelikula inguru idatzi, zuzendu eta ekoitzi ditu bere ibilbide osoan, eta azken hamar urteetan egin dituen hiru film luzeei esker lortu du sona nazioartean. 2008an, Palestinako lehen emakumea izan zen film luze bat zuzentzen: Milh dadha al-bahr; Donostiako Zinemaldian Zinema Mugimenduan saria lortu zuen, eta Cannesko Zinemaldian ere proiektatu zuten. Handik lau urtera egin zuen Lamma shoftak, Sei Eguneko Gerraren ondorengo egunetan girotua; hark Asiako pelikularik onenaren saria lortu zuen Berlingo zinemaldian. Oraingo honetan, aspaldian Erroman bizi diren aita-seme batzuk Nazaretera (Israel) ezkontza batera itzultzen direneko istorioa kontatuko du Wajib lanean. Pelikulak 36 sari jaso ditu nazioarteko zinemaldietan. "Jacirren filmek ibilbide luzea izan dute nazioartean, eta ondo jasotzen dute haren herriaren borroka", Beltranen hitzetan.

Izan ere, zinema sortzeaz gain, "zinema babesteko lan handia" egin du Jacirrek Palestinan. Gazteei irakasten die, eta etengabe ari da lanean bere ekoiztetxearekin eskualdeko zinema bultzatzeko. Eskolak ematen ditu Columbia, Betleemen, Birzeiteko unibertsitatean, eta errefuxiatuen esparruetan Palestinan, Libanon eta Jordanian.

Feminismotik egindako lanak

Migratzaileen gaia da gaur egun gehien lantzen direnetako bat, Beltranen ustean: "Gero eta muga eta harresi gehiago eraikitzen ditugu, ez fisikoak bakarrik, eta hori adieraztea da gaur egungo zinemagileen desafioetako bat". Gaia Euskal Herrira ekarrita, duela hilabete eskas hil zen Juanmi Gutierrez zinemagilearen azken lana emango dute Sail Ofizialean: Paseko txoriak. Irungo Harrera Sarearen inguruan osatu zuen Gutierrezek dokumental luzea. Proiekzioarekin batera, solasaldia ere egingo dute.

Feminismoaren ikuspegitik egindako hainbat lan ere emango dituzte zinemaldian: #Female Pleasure (Barbara Miller, Suitza-Alemania), emakumeen sexu autodeterminaziorako eskubidearen ingurukoa; Behind India (Fernando Vera, Euskal Herria), Indiako emakumeen ahalduntze prozesua kontatzen duena; The Feminist – A Swedish Inspiration (Hampus Linder, Suedia), politika eta feminismoa lantzen dituena; Hilos de sororidad (Eneko Olasagasti, Euskal Herria), indarkeria sexistaren aurkako sareen ingurukoa; eta Hotel explotación: las kellys (Georgine Cisquella, Espainia), lan feminizatuez eta esplotazioaz ari dena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.