Futbola-Lehen Maila

Alaves berandu iritsi da partidara (0-4)

Atletico Madrilek bi gol sartu ditu lehen hamar minutuan, eta Gasteizko taldeak ezin izan du emaitza irauli

John Guidetti atsekabe keinuarekin, aukera bat huts egin ondoren. A. R. H. / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko martxoaren 30a
08:04
Entzun

Golak. 0-1: Saulek (4. min.). 0-2: Diego Costak (11. min.); 0-3: Moratak (59. min.); 0-4: Thomasek (84.min.).

Alaves berandu iritsi zen atzo Mendizorrotzara. Autobusa galdu edo azken garagardoa luzatzen duten zaleen pare ibili zen, eta garesti ordaindu zuen. Horiek, normalean, ikuskizunaren lehen hamar minutuak galtzen dituzte. Alavesen kasuan, baina, okerragoa izan zen, ikuskizunaz gain partida bera era galdu zuelako. Atletico Madrilek ondo baliatu zuen etxekoen lozorroa 11 minututan bi gol sartzeko, eta jakina da horrelako errenta bat hartzen badu ia ezinezkoa da Madrilgo taldeari gaina hartzea.  

Ez da hanka sartze larria, Atleticoren aurka galtzea emaitza logikoen artean baitzegoen, baina bai modua, hasiera kenduta, Alavesek, 0-3koa jaso arte behintzat, ez zuelako irudi txarrik eman. Eta ondo hasi izan balitz? Ezin jakin, baina orain ez du zentzurik horrelako hipotesiak planteatzeak. Hori bai, Getafe pasatu eta Txapeldunen Ligako postuetara itzultzeko aukera galdu zuen. Dena den, Gasteizko taldeak hobe du erretrobisoreari begira jarraitzea. Atzetik ditu Sevilla eta Valentzia eta gaur elkarren aurka jokatuko dute.

Alaves berandu iritsi bazen, Saul Iñiguez Atletico Madrilen erdilariak ezin biziago ekin zion partidari. Bi aukera garbi izan zituen lehen bost minutuetan. Aurrenekoa Pachecok gelditu zuen, baina bigarrenean ez zuen kale egin. Ximo Navarrok huts larria egin zuen baloiarekin eta Saulek baliatu zuen Griezmannek berreskuraturiko baloia (4. min.).

Atleticok goiz jo zuen lehen kolpea, eta haren segidan bigarrena. Diego Costak gol bikaina sartu zuen. Baloia area ertzean jaso zuen, eta hanka geldian jaurtiz ezkerreko zutoinaren alboan jarri zuen baloia (11.min.). Ordu laurdena pasa gabea zen eta Simeonek bezperan amesturiko tokian zuen partida. Abelardo, aldiz, sututa zegoen, azken bi asteetako etenaldian partida prestatzeko eginiko lan guztia kareletik joan zen.

Atletico espezialista da horrelako egoerak kudeatzen, baina Alaves ez zen abaildu. Partida guztia zuen aurretik eta golaren bila jo zuen. Fedez joan zen aurrera, Jonyri, taldeko onenari, jarraiki. Aukera garbiena, dena den, Pinak izan zuen, erdiraketa batean. Haren burukada ateko marratik atera zuen Saulek (28. min.).  
 Alaves saiatu zen bigarren zatiaren hasieran, eta Abelardok, agian, berandu egin zituen aldaketak. Arriskatu beharra zeukan, eta Atleticok atzeko zuloak baliatu zituen kontraeraso batean 0-3koa sartzeko (57. min.). Orduan bai, jota gelditu zen Alaves. Thomas izan zen zaurian hatza sartzen azkena, gol ederra sartuz 86.minutuan. Alavesek ostegunean du hurrengo partida, Sevillaren zelaian, ea atzoko astinduak ez dion ondorio larririk uzten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.