Ukraina

Zelenski eta Poroxenko, Ukrainako bozetako bigarren itzulira

Botoen %63 zenbatuta, Zelenski umoregileak eskuratu du boto gehien Ukrainako presidentetzarako hauteskundeetan, eta Poroxenkorekin lehiatuko da apirilaren 21ean

Volodymyr Zelenskiy hautagaia, atzo, Kieven. STEPAN FRANKO, EFE.
Hodei Iruretagoiena.
2019ko apirilaren 1a
07:26
Entzun

Ezustekoa iragarri zuen, eta bete du hein batean. Volodimir Zelenski umoregileak lortu du boto gehien Ukrainako presidentetzerako bozetako lehen itzulian. Botoen %44 zenbatuta hauteskunde batzordeak emandako datuen arabera, atzetik geratu da Petro Poroxenko egungo presidentea. Botoen %30,4 inguruko babesa lortu du Zelenskik, eta %16,3 ingurukoa Poroxenkok. Inork gehiengo osorik eskuratu ez duenez, bigarren itzulia egin beharko dute apirilaren 21ean. Yulia Timoshenko lehen ministro ohia hirugarren geratu da, botoen %13,1 lortuta. Hauteskunde batzordearen arabera, %46,5ekoa izan da parte hartzea.

"Hau da garaipen handirako lehen urratsa", esan du Zelenskik Kieven, lehen datuen berri izan ondoren. "Gaur hasten da ustelkeriarik gabeko bizitza berri bat". Ildo horri garrantzi handia eman dio umoregile eta aktoreak. Italiako Beppe Grillo umoregilearen eta haren M5S Bost Izar Mugimenduaren fenomenoarekin konparatu dute Zelenskik politikan egin duen agerpena. Ustelkeriaren eta politika kontrolatzen duten eliteen aurkako eta erreformen aldeko mezuak hedatu ditu, sare sozialak erabiliz.

Oligarkek kontrolatzen duten estatu batean herritar xumeen alternatibatzat aurkeztu du bere burua, baina Zelenski ere ez da susmoez libratu: haren telesaila eman zuen katearen akziodun nagusia Ihor Kolomoiski oligarka da, zeina Proroxenko presidentearekin eta Timoxenkorekin etsaituta baitago. Horixe leproatu dio Poroxenkok bozen ondoren: "Zelenski Kolomoiskiren txotxongiloa da".

"Hautagai asko daude, baina presidentea bakarra", esan du Poroxenkok, eta ziurtatu du Donbass eta Krimea berreskuratzeko lan egingo duela —2014an bezala, Ukrainako Estatuak ezin izan ditu hauteskundeak antolatu Donbass eskualdearen zati handi batean; de facto independenteak dira gerra hasi zenetik—: "Gutako bakoitzak galdera garrantzitsu bat erantzun behar du: herrialdeak EBn eta NATOn sartzeko bidean jarraituko ote duen, edo eserita geratuko garen, Kremlinek erreferendum bat egiteko baimena noiz emango".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.