Garraio publikoa

Mugi txartela erabil daiteke dagoeneko Renferen Gipuzkoako aldirietako trenetan

Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Mugi sistemako deskontuak eta tarifak eskainiko dituztela Renferen trenetan ere. Gipuzkoan, eguneko 17.500 bat erabiltzaile direla kalkulatu dute.

Renferen Donostiako geltokia. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU.
2019ko apirilaren 1a
19:12
Entzun

"Renfe Mugi sisteman sartuta, Gipuzkoako garraio publiko osoa bateratu dugu", nabarmendu du Marisol Garmendia Gipuzkoako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Euskadi Irratian egindako elkarrizketan. Gaurtik aurrera, Mugi txartelarekin ordaindu daitezke Renferen aldirietako trenetan egindako bidaiak ere, eta Eusko Trenen eta Lurraldebuseko eta zenbait udalerritako autobusetan ezartzen diren tarifa eta deskontu berberak izango dituzte erabiltzaileek. Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera, eguneko 17.500 erabiltzaile ingururi eragingo die aldaketak.

Lehen bidaiatik aurrera, %40ko deskontua izango lukete; hilabetean 20 eta 50 bidaia artean egiten dituztenek, %57ko deskontua; eta 51 bidaia baino gehiago egiten dituztenek, %90ekoa. Gazteen kasuan, birkarge balioaren % 25 gehiago jasoko dute saldo gisa txartelean, eta doan izango dituzte bidaia guztiak 51.etik aurrera. 65 urtetik gorakoek, langabeek eta kide ugariko familiek ere hobariak izango dituzte.

Renfen ere mantendu egingo da Mugi sistemaren zonifikazioa, eta beste zerbitzuetako irizpide berberak erabiliz ezarriko dira tarifak, Renfek bere sistemako txarteletarako aplikatzen ez badu ere.

Urtarrilean jakinarazi zuten Renfeko trenetan ere bidaiatu ahal izango zela Mugi txartelekin. Gipuzkoa "Garraio publiko mota guztiak tarifa sistema bakarrean uztartuko dituen lehen euskal lurraldea" izango dela nabarmendu zuen orduan Gipuzkoako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.