Errenta kanpaina

Gipuzkoako Ogasunak 265 milioi euro itzuliko ditu errenta kanpainan

Autolikidazio proposamenak ikusgai daude jada aldundiaren webgunean, eta ogasuna etzi hasiko da haiek etxeetara bidaltzen. Gaur zortzi zabalduko da haiek onartzeko epea, eta hilaren 15ean aitorpen mekanizatuena.

Gipuzkoako Ogasuneko buruak, errenta kanpainaren aurkezpenean. GFA
Irune Lasa.
2019ko apirilaren 1a
07:24
Entzun

Ekonomiaren bilakaera onaren ondorioz, zenbaki onak espero ditu Gipuzkoako Ogasunak 2018. urteari dagokion errenta kanpainatik. Zure ekarpena, guztion onura leloarekin abian jarri duen kanpainan guztira 380.000 aitorpen izango direla aurreikusten du Gipuzkoak. Aitorpenen %66tan itzulketa egin beharko du ogasunak, eta itzulitako kopurua batez beste 1.047 eurokoa izango da, iaz baino 27 euro gehiago. Ordaindu behar dutenen kasuan, 2.020 eurokoa izango da batez besteko ordainketa, iaz baino 72 euro txikiagoa.

Gaurtik aurrera, Gipuzkoako Aldundiaren webgunean ikusgai daude autolikidazio proposamenak (250.000 inguru). Etzi hasiko da haien bidalketa, eta apirilaren 8tik aurrera onartu ahalko dira. Errenta mekanizatuaren txanda apirilaren 12an hasiko da, hitzordua hartzeko epea irekitzen denean. Hiru egun beranduago, hilaren 15ean zabalduko dira errenta mekanizatu horiek egiteko epea, eta uztailaren lehenera arte iraungo du. Epe hori bera izango dute errenta aitorpena Internetez (ZergaBidea) egiten dutenek ere. Autolikidazio proposamena onartzen ez dutenei apirilaren 17tik aurrera zabalduko zaie errenta mekanizaturako hitzordua eskatzeko epea.

Ogasunak 265 milioi euro itzultzea espero du errenta kanpaina honetan, eta jaso 256,5 milioi euro jasoko ditu. 8,5 milioi euroko saldo negatibo hori azken urteetako txikiena da —esaterako, 21,8 milioi izan ziren 2017an, eta 130 milioi 2014an—. Jabier Larrañaga Ogasun diputatuaren ustez, hobekuntza hori "gure lurraldeko ekonomiak bizi duen une onaren adierazle da. 2018a urte oso ona izan dela diote adierazle guztiek. Salmentetan hazkunde oso handiak izan ditugu, ia bi urte daramazkigu %7tik gora igotzen; enpleguan ere, oso zifra onak izan ditugu; eta baita soldatetan ere". 

Kanpaina honetako berritasunetako bat oinarri likidagarri orokorrerako eskalaren deflaktazioa izango da, hots, PFEZaren zatiei inflazioa aplikatzea, soldaten erosteko ahalmena ez kaltetzeko. Bestalde, kenkari berri bat ere izango da, "potentzial handiko enpresetan" dirua jartzen duten inbertitzaileentzat. Horrez gain, beste kenkari bat ere aldatu egin du ogasunak: 30 urtez azpiko gazteen alokairurako kenkaria %25etik %30era handituko baitu, eta haren gehieneko kopurua 2.000 eurotik 2.400era handitu. Eta nola ez, errenta kanpaina honetan amatasun eta aitatasun prestazioak salbuetsita egongo dira.

Ekonomiaren ziklo ona beste bi xedeetarako baliatu dutela ere azaldu du Jabier Larrañagak: batetik, Etorkizuna Eraikizeko proiektuetan apustu egiten jarraitzeko; eta, bestetik, aldundiaren zorra urritzeko. Azken lau urteetan, zorra 125 milioi euro murriztu du erakundeak, 440 milioi euroraino.

Ondare zerga

Ondarearen gaineko zergaren berri ere eman du Jabier Larrañagak. Apirilaren 15etik uztailaren 1era zabalduko den aldian, ondarearen 7.800 aitorpen jasoko dituela aurreikusten du ogasunak eta horiek, batez beste, 8.142 euro ordainduko dituztela. Bide horretatik, guztira 63,9 milioi euro bilduko ditu zerga erakundeak. 2017an jasotakoa baino hamar milioi euro gutxiago dira.

Larrañagaren azaldu duenez, aurreko legealdiko aberastasunaren eta fortuna handien gaineko zergatik atzera ondare zergara itzultzeko erreformaren azken urratsa, ezkutu fiskala, ekitaldi honetan ezarri baita, atzera lehen aldiz. Legealdi haren azken urtean (2013an) baino 4,9 milioi euro gehiago bilduko dituztela azpimarratu du ogasun diputatuak, galdera eginez ea merezi zuen "ibilbide hark, segurtasun falta hark".

Euskara

Ogasun diputatuak gonbidapena egin die aitortzaileei euren aitorpena euskaraz egin dezaten eta administrazioarekiko harremanak euskaraz egitea erabaki dezaten. Gipuzkoako Aldundiaren helburua da 2022. urtea 100.000 pertsonak izatea erabaki hori hartua (74.000 ziren 2017an). "Guk ez badugu egiten, inork ez du egingo".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.