ASIA

Bruneik harrika hiltzearekin zigortuko ditu homosexualitatea eta adulterioa

Xaria edo lege islamiarra sartu da indarrean herrialdean. Mahoma profetaren izena difamatzen dutenak eta abortatzen dutenak ere zigortuko dituzte.

Hassanal Bolkiah Bruneiko sultana diskurtso bat ematen, gaur. EFE
Igor Susaeta.
2019ko apirilaren 3a
15:49
Entzun

Hassanal Bolkiah sultanak erreformak egin ditu Asia hego-ekialdeko estatuko zigor kodean. Horren arabera, lapurretak esku bat edo hanka bat mutilatuz zigortuko dira; heriotza zigorra ezarriko diete Mahoma profetaren izena difamatzen edo blasfematzen dutenei, baita apostasiagatik ere; eta, besteak beste, zigor fisikoa ezarriko diete abortatzen dutenei. Michelle Bachelet Giza Eskubideen NBEren goi mandatariak aste honen hasieran adierazi zuenez, giza eskubideei dagokienean "atzera egite bat" gertatuko da Brunein.

Bolkiah sultanak joan den larunbatean eman zuen aldaketen berri, komunikatu baten bidez. Haren esanetan, xaria lagungarria izango da "ordena eta bakea" mantentzeko, eta erreformen helburua da "edozein fede edo arrazatako" pertsona guztien "eskubide legitimoak babestea eta errespetatzea". 

Bruneiko agintariek zigor kodean egindako aldaketak salatu ditu nazioarteak. Humnar Rights Watch (HRW) giza eskubideen aldeko erakundeko Phil Robertsonek, esaterako, nabarmendu du zigor kode berria "basatia" dela, eta "bide arkaikoak" proposatzen dituela. Hain zuzen, Bruneiko LGTBI komunitateak azpimarratu du zigorrak "Erdi Arokoak" direla. Homosexualitatea ez zegoen legeztatuta Brunein.

400.000 bat biztanle ditu herrialdeak, eta %80 inguru dira musulmanak. Lapurreta kasuetan, musulmanak ez direnak ere mutilatuko dituzte. Zigor kodeak heriotza zigorra barnebiltzen zuen, baina 1957tik inor ez dute exekutatu Brunein. Sultanerria 2014an hasi zen xarian oinarritutako zigorrak ezartzen, baina hain gogorrak ez ziren kondenei eragiten zieten. Nazioarteak boikoterako egindako deiak, ordea, bertan behera utzi zituen, behin-behinean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.