Bihar Berrian

Platerean loratutako urtaroa

Udaberria hasi da, baita sasoi horretako produktuak ere. Garaiko arrain, barazki eta frutekin prestatutako lau errezeta azalduko ditu bihar ‘Bizigiro’ sailak, lau sukaldariren eskutik.

Udaberriko zenbait produktu, Donostiako San Martin merkatuko postu batean. GORKA RUBIO / FOKU
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
2019ko apirilaren 5a
17:52
Entzun

Ernatu da primadera egutegian, baita lurrean eta itsasoan ere. Urtaro horretako produktuak dira, besteak beste, porruak, orburuak, zainzuriak, ilarrak, marrubiak eta antxoak. Osagai horiekin plater andana presta daitezke. Horietako batzuk aurkeztuko dizkigute bihar Iruñeko Europa, Ormaiztegiko Kuko (Gipuzkoa), Ziburuko Maitenia (Lapurdi) eta Bakioko Urzabal (Bizkaia) jatetxeetako sukaldariek Bizigiro sailean.

Teknologia ere izango du hizpide Bizigiro-k: hain zuzen, gailuek erabiltzaileen euskarazko ahozko mezuei jaramon egiteko proiektu bat jarri dute martxan. Librezale taldeak auzolan digitalera deitu du horretarako; datorren asteartean egingo dute lehenengo saioa, Donostiako Tabakaleran.

Zinemaren atalean Soinujolearen semea filma aurkeztuko du Gontzal Agotek. Fernando Bernuesek zuzendutako ikus-entzunezkoak Bernardo Atxagaren izen bereko liburua du oinarri. Aktoreen artean daude Eneko Sagardoi, Joseba Apaolaza, Xabier Perurena eta Miren Arrieta.

Pantaila txikira salto eginez, Love, Death + Robots ikus-entzunezkoa xehatuko du Mikel Yarzak. Zientzia fikziozko telesaila da, eta animaziozko 18 film laburrek osatzen dute Tim Millerren lana.

Elikadura kontuak ere jorratuko ditu Bizigiro-k. Antza denez, euskal errezetarik zaharrena izan daitekeena topatu dute 1604ko liburu batean. Lau mende geroago, sagar opil haren errezeta gaurkotzeko asmoa dute Eneko Atxa sukaldariak eta Rafa Gorrotxategi gozogileak.

Azkenik, astebururako plan sorta bat ere izango dute irakurleek. Tartean, Bilbon bihar egingo den Break On Stage jaialdia izango da; kaleko artearen agertoki bihurtuko da Bilbo Arena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.