Memoria historikoa

Gurseko kontzentrazio esparruan izan ziren iheslariak omendu dituzte

80 urte bete dira Gurseko kontzentrazio esparrua (Okzitania) ireki zutenetik. Hegoaldeko 6.500 errefuxiatu izan ziren bertan gerraostean. Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariek parte hartu dute ekitaldian.

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernu ordezkariak, gaur, Gurseko kontzentrazio esparruko (Okzitania) ekitaldian.
2019ko apirilaren 7a
08:41
Entzun

Gurseko kontzentrazio esparruan izan ziren errefuxiatuen omenezko ekitaldia egin dute gaur goizean, Gursen bertan. Han izan dira Ana Ollo Nafarroako Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria,  Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendaria. Horiez gain, ekitaldian parte hartu dute Frantziako, Espainiako eta Aragoiko gobernuetako ordezkariek ere.

Frankismotik ihes egin zuten 6.500 euskal herritar hartu zituzten Gurseko kontzentrazio esparruak. 1939an ireki zuten, eta hasiera batean iheslariei harrera egiteko azpiegitura behar zuenak bestelako helburua izan zuen ondoren. Bigarren Mundu Gerran, Alemaniak Frantzia okupatu zuenean, naziek milaka judutar bidali zituzten Gursera. 52 herrialdetako 60.000 herritar pasa ziren eremu horretatik. 1942ko abuztuaren eta 1943ko otsailaren artean, ia 4.000 lagun eraman zituzten Gursetik Auschwitzeko kontzentrazio esparrura. Azpiegitura 1945eko abenduaren 31an itxi zuten.

Euskal erakundeetako ordezkariek bertan gertatutako giza eskubideen urraketen memoria aldarrikatu dute. Olloren esanetan, memoria hori "funtsezkoa da biktimen familiei ordaina emateko". Baina, horrez gain, "dimentsio kolektiboan", beharrezko jo du memoria hori jasotzea, "gizarte justuagoak, etikoagoak eta demokratikoagoak eraikitzeko". Ollok nabarmendu duenez, "Gurs memoria gune bat da, erahilak edo errepresaliatuak izan ziren hainbeste pertsonen balore eroalea".

Erkorekak, berriz, balioa aitortu die Gursen izan ziren iheslariek askatasunaren, justiziaren eta demokraziaren kausari eginiko ekarpena. Gogora ekarri ditu erbestea jasan zutenak eta horiek ohoratzeko betebehar etikoa nabarmendu du. Jarularitzako bozeramaileak parekatu egin ditu gerraostean joan behar izan zutenek jasan zuten mina, gaur, etorkizun hobe baten bila Europako mugak gainditzen saiatzen diren iheslarien egoerarekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.