Ekialde Hurbila

Bozak irabaziz gero Zisjordania Israelera anexionatuko duela iragarri du Netanyahuk

Lurralde okupatuetako kokaguneetan beste 3.500 etxebizitza eraikitzeko baimena eman du Tel Avivek, nahiz eta Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi eraikuntza horiek nazioarteko legedia urratzen dutela.

Netanyahuren aleko botoa eskatzen duen kartel bat, Jerulemen. JIM HOLLANDER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2019ko apirilaren 8a
07:52
Entzun

Legebiltzarreko bozetarako kanpainako azken orduetan egin ditu adierazpenak Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Horiek hala, eskuin muturreko hautesleak erakartzeko estrategia gisa jo dute askok iragarpena. Baina palestinarren artean kezka ere zabaldu du hark esandakoak, alegia, prest legokeela Zisjordaniaren zati bat Israeli anexionatzeko.

"Datorren agintaldian, irabazten badut, Israelgo legea ezarriko dut; horretarako akordioak lotu ahal izatea espero dut. Nire asmoa da gradualki egitea, amerikarren sostengua lortu ahal izateko", adierazi du Netanyahuk asteburuan, Israelgo telebista kate bati eskainitako elkarrizketan. Lehen ministroak zehaztu du ez lituzkeela soilik kokagune handiak bereganatuko baita isolatuago daudenak ere, "beste era batera eginez gero, 90.000 israeldar bakartuta geratuko lirateke".

Netanyahuk esan bezala, kokagune guztiak anexionatuz gero, Zisjordaniaren %60 bereganatuko luke Israelek. Gobernuburuak berak onartu du asmoa ez dela berria, baina Barack Obama agintean egon zen bitartean hori ezinezko izan zela, eta aldiz, Donald Trumpek AEBetako presidentetza eskuratuta egoera aldatu egin dela. Hain zuzen ere, AEBetako estatuburuarekin bildu eta gutxira egin ditu Netanyahuk adierazpenok.

Israelen, kanpainaren baitan ulertu dituzte gehienek adierazpenok, baina ez Palestinan. Lurralde okupatuetan "estrategia aldaketa baten aurrerapen" gisa hartu dituzte han gobernuburuaren hitzak. Izan ere, Tel Avivek lurralde okupatuetan 3.500 etxebizitza gehiago eraikitzeko baimena eman berri du, nahiz eta jakin NBEk horren aurka ohartarazia duela behin baino gehiagotan, eta gogorarazi du nazioarteko legedia urratzen duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.