Musika

EOSek "ezezagunean barrenako bidaia bat" proposatuko du 2019-2020ko denboraldian

Guztira, 50 kontzertutik gora emango ditu orkestrak irailetik aurrera, denboraldi berrian. Lehen kontzertu programan, obra bat salbu, publikoak ez du jakingo zein izango den egitaraua.

Robert Treviño, Bingen Zupiria eta Oriol Roch, Donostian, EOSen denboraldi berriaren aurkezpenean. EOS
Ainhoa Sarasola.
2019ko apirilaren 8a
12:44
Entzun

Bidaia hartu du kontzeptu gisa EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoak 2019-2020ko denboraldia ardazteko. "Ezezagunean barrena" bidaiatzea proposatuko dio entzuleari Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean egingo dituen 50etik gora kontzertuetan. Hain zuzen, denboraldiko lehen kontzertu programan, Elkanoren lehen mundu biraren urteurrenarekin bat eginez orkestrak osatu duen proiektuaren lehen obra estreinatuko du, Mikel Chamizo konpositoreak sortutakoa. Eta orduko marinelek bidaiaren aurrean sentitu ahal izan zituzten emozioak, beldurrak eta ametsak sentiarazi nahi dizkiote ikusleari. Hala, obra hori salbu, publikoak ez du jakingo zein izango diren emanaldian entzungo dituzten beste bost lanak. Kontzertuaren amaieran banatuko diete esku programa.

Obra ezagun ugari ere interpretatuko ditu EOSek denboraldi berrian, Robert Treviño zuzendari titularraren gidaritzapean —hirugarren denboraldia izango du orkestraren buru—. Horien artean, besteak beste, Gustav Holsten Planetak, Gustav Mahlerren Lurraren kantua —orkestrak inoiz jo gabea—, Antonin Dvoraken Mundu Berriaren Sinfonia, Nikolai Rimski-Korsakoven Xeherezade, Hector Berliozen Sinfonia Fantastikoa, eta Anton Brucknerren 9. Sinfonia entzun ahal izango ditu publikoak. Bela Bartok izango da denboraldi berrian protagonismo berezia izango duten beste konpositoreetako bat, eta Maurice Ravelen lanek ere presentzia nabarmena izango dutela iragarri dute. Ez da egitarauko euskal konpositore bakarra izango; besteak beste, Gabriel Erkorekaren Zuhaitz obra ere interpretatuko du EOSek, Kalakan hirukotearen laguntzaz.

Zuzendari zein bakarlari gonbidatu ezagunen alboan ariko dira orkestrako musikariak denboraldi berrian. Juanjo Mena, Pinchas Steinberg, George Mark, Edo de Waart eta Mei-Ann Chen zuzendariak gonbidatu dituzte orkestra gidatzera. Bakarlarien artean, berriz, Frank Peter Zimmermann eta Augustin Hadelich biolinistak, Julian Bliss klarinete jotzailea, Varvara eta Yulianna Avdeeva pianistak eta Jonathan Roozeman biolontxelo jotzailea ariko dira oholtza gainean orkestrarekin batera. Eta ahotsen eremuan, berriz, Mojca Erdmann eta Kate Royal sopranoak, Jennifer Johnston eta Justina Gringyte mezzosopranoak, eta Corby Welch tenorra ariko dira kantuan.

Denboraldi berriaren xehetasunak gaur eman dituzte jakitera Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Oriol Roch EOSeko zuzendari nagusiak eta Robert Treviño zuzendari titularrak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.