Kultura

Giorgio Morandi artistaren obrak bildu ditu Guggenheim museoak

Artista italiarraren lau hamarkadako koadroak daude ikusgai museoan ‘Atzera Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak’ erakusketan. Morandiren artelanekin batera, haren inspirazio iturri nagusien lanak erakutsiko ditu museoak; Espainiako Urrezko Mendea eta Boloniako Eskola. Gaur zabalduko dute erakusketa, eta urriaren 6ra arte bisitatuko ahalko da.

Uxue Gutierrez Lorenzo.
2019ko apirilaren 11
13:55
Entzun

“Proiektuaren hasiera-hasieratik argi genuen: honek ezin zuen izan Morandiren beste erakusketa bat. Artistaren alde ezezagunak azaleratzea zen gure nahia”. Hari horretatik tiraka ondu du ‘Atzera Begira. Giorgio Morandi eta Antzinako Maisuak’ erakusketa Petra Joos komisarioak, Givanni Casini eta Vivien Greenen laguntzarekin batera. Joosek dio ohiko erakusketak “monografikoak” izaten direla, eta eurek Morandiren “beste aldeak” ikusarazi nahi izan dituztela. Horretarako, artista italiarraren lanen ondoan, hark inspirazio iturri izan zituen beste artista batzuen obrak jarri dituzte. Gaurtik urriaren 6ra arte egongo da ikusgai erakusketa, Guggenheim museoan.

Hiru aretotan banatu dituzte obrak, eta Morandiren ibilbide artistikoaren lau hamarkada biltzen dituzte. Lehenengo aretoko koadroetan, Espainiako Urrezko Eskolako artisten lanak daude ikusgai, Morandiren loreontzien irudiekin batera. Bigarren gelan, Boloniako Eskolako XVI. mendeko maisuak dira inspirazio iturri. Eguneroko bizitzako objektuak bihurtu zituen Morandik protagonista. Hirugarren aretora igarota, Jean Batpise Simeon Chardin artista frantsesaren pinturak ageri dira. Haren karta-gazteluak baliatu zituen Morandik.

Detaile txikien garrantzia

Ñabarduretara egin zuen Morandik, koadroetako xehetasun konkretuak interesatzen zitzaizkion. Horren bila jardun zen bere aurretik artista izan zirenen lanetan arakatzen, eta horrek markatu zion bere estiloaren bilakaera ere. XX. mendeko artista izan zen Morandi, eta batik bat natura hila irudikatzen zuen artistak. Hala ere, etapa artistikoaren arabera eraldatuz joan zen estiloa. Argitasuna, irudiaren konposizioa edo aztergai zituen irudiak aldatu egin zituen urteen joanean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.