HAUTESKUNDEAK

Trebiñun erreferendum bat egitea proposatuko dute Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk

Equo, Ezker Anitza eta Ahal Dugu biltzen dituen koalizioak "lurralde mugak aldatzeko lege organiko bat" eramango du Espainiako Kongresura.

Juantxo Lopez Uralde eta Conchi Palencia. @PODEMOSEUSKADI
jon olano
2019ko apirilaren 15a
07:12
Entzun

Equoko buru eta Elkarrekin Podemosen Espainiako Kongresurako hautagai Juantxo Lopez Uraldek eta Senaturako hautagai Kontxi Palenciak hauteskunde ekitaldi bat egin dute Trebiñun, eta konderriaren egoeraz proposamena egin dute; zehazki, Espainiako Gobernuari eskatuko diote"legezko erreferendum lotesle baten deialdia" egin dezala, "berme guztiekin".

“Argantzungo eta Trebiñuko udaletako herritar gehienak askotan azaldu dira Arabara biltzearen alde. Alderdi guztiak dira betidaniko gogo horren jakitun, baina orain arte ez dute borondate politikorik eduki behin betiko konponbidea mahai gainean jartzeko. Eta guk hainbeste urtetako blokeo hori amaituko dugu”, adierazi du Lopez Uraldek.

Horrekin batera, "lurralde mugak aldatzeko" lege organiko bat edukitzea "ezinbesteko urratsa" iruditzen zaio Lopez Uralderi, "egoera horri buelta emateko eta aurrera egiteko". Gogorarazi duenez, Burgosko Diputazioak eta Arabako Aldundiek zazpi lankidetza hitzarmen sinatu zituzten, besteak beste babes zibilaren eta larrialdietarako arretaren, adinekoen gizarte-arretaren, genero-indarkeriaren aurkako borrokaren eta euskararen normalizazioaren alorretan; akordio hori "positiboa" izan da, Lopez Uralderen iritziz, baina "behin-behineko neurriak" iruditzen zaizkio Palenciari: “Ez da nahikoa, behin-behineko zerbait baizik. Enklabe honetako herritarrek, denbora gehiegi, zenbait belaunaldi daramatzate zentzugabekeria horren ondorioak sufritzen. Elkarrekin Podemosek konponbidearen eguna finkatuko du".

EH Bilduk ere erreferendum loteslea egiteko eskatuko du, Iñaki Ruiz de Pinedo Arabako zerrendaburuak jakinarazi duenez: "Trebiñuko auziak herri galdeketa loteslea du irtenbide; bien bitartean bertako herritarren eskubide sozialak defendatzen jarraitu behar dugu, ez dira bigarren mailako herritarrak."

Ez da Trebiñuko auzia konpontzeko erreferendum bat proposatzen den lehen aldia. 2016an, Trebiñuren geroaz erreferenduma egiteko eskatu zioten Arabako Batzar Nagusiek Madrili; hain justu, Ahal Dugu-k sustatuta. Eztabaida hartan, ados azaldu zen Izaskun Moiua EAJko batzarkidea, baina gogorarazi zuen Euskal Autonomia Erkidegorako 2004ko estatutu proposamenean jasotzen zela proposamen hori, eta erantsi "gutxienez hamar urte berandu" iritsi zela eskaintza.

Orain, EAJk ere berriro darama Trebiñuko auzia hauteskunde programan. Horrela jaso du: "Aitortu egin behar da, konponbidean hasteko, bertako herritarrek euren egoeraz duten iritzia emateko eskubidea dutela, eta, kasua bada, Euskal Autonomia Erkidegoko dagokion lurralde historikoan sartzeko eskubidea, Gernikako Estatutuak jasotzen duen moduan".

Saio ugari

Trebiñuko konterriak Euskal Autonomia Erkidegoarekin bat egiteko aukera ahalbidetzen du 1979ko estatutuak. Horrela, 8. artikuluaren arabera, "Euskal Herriko Komunitate Autonomoari, beronen lurraldean osorik kokaturik dauden eskualdeak edo udalbarrutiak erants dakizkioke", hiru baldintza betez gero:

Eskabide hori udalaren edo udalen arteko gehiengoak egitea eta sartu nahi duten eskualdea edo udal barrutiak dauden erkidego edo probintziaren iritzia biltzea; 2. Udalbarruti edo lurralde horietako herritarrek hala erabakitzea, erreferendum bidez, eta aldez aurretik baimen guztiak bildurik eta bozkatu diren boto baliodunen gehiengoa aintzakotzat harturik; eta 3. Eusko Legebiltzarrak lehenik eta Espainiako Gorteek gero, Lege Organiko baten bidez, eskaera onartzea.

Konterriak hainbat saio egin ditu Arabarekin bat egiteko; 1646. urtekoa da aurreneko eskaera, eta lau aldiz saiatu zen XX. mendean: 1940an, 1958an, 1980an, 1998an. 1998an eginiko herri galdeketan, Trebiñuko hamar biztanletik zazpik Araba izateko erreferendum bat egitearen alde bozkatu zuten, baina Gaztela Leongo Gobernuak ez zuen eskaria aintzat hartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.