Auziz auzi

Polizia batzuek sekulako abilezia daukate leku guztietan egoteko, edo, zehatzago esanda, auzi askotan egoteko. Iduriko luke talde hautatu bat dabilela batetik bestera: non lasto lehorra, han su eman.

Martxelo Otamendi Egiguren -

2019ko apirilak 15

Sartu da gelara Guardia Zibilaren komandantea, N29100C identifikazio zenbakiduna. Lekuko  guztiei bezala, Marchena mahai-buruak auzipetuak ezagutzen ote dituen galdetu die, haiekin harreman berezik ba ote daukan eragozten diona lekukotza eskaintzea, eta...

Marchena: Egon zara inoiz auzipetuta?

Guardia Zibila: Bai.

Marchena: Zer auzitan?

Guardia Zibila: Tortura kasu batean, baina absolbituta geratu nintzen.

Isiltasunak hartu du aretoa segundo batzuetan. Nor ote da? Kataluniako independentzia prozesuaren buruzagi instituzional eta sozialen aurka Espainiako Auzitegi Gorenean egiten ari diren epaiketaren lekuko erabakigarrietako bat tortura auzi batean absolbitu egin zuten. Auzi horretan poliziek egin dituzten txosten garrantzitsuen egile bateratzaile nagusia izan da, akusazioek —fiskaltza, estatuaren abokatua eta Vox— auzipetuen aurka erabiltzen ari diren argudioen jostaile gorena. Ezin da edonor izan.

Edonor ez delako zegoen destinatua Euskal Herrian, ETAren aurkako borrokan 2008ko urtarrilean Portu eta Sarasola atxilotu zituztenean. Bi atxilotu horiek torturak salatu zituzten, eta hamabost guardia zibil epaitu zituzten Donostiako Auzitegian handik urte batzuetara. Fiskaltzak lesioak eragitea leporatu zion N29100Cri; eta akusazioak, torturak. Auzitegi Probintzialak, oso sententzia sendoan, lau guardia zibil kondenatu zituen Portu eta Sarasola torturatzeagatik, ez ordea N29100C. Absolbitu egin zuen.

N29100C tenientea zen orduan. Gaur, bi gradu gehiago: komandantea. Eta etakideen atzetik ibiltzetik, Kataluniako independentziazaleak espiatzera pasatu da azken urteotan. Buruz erantzuten die fiskalaren galderei, zehaztasun handi bezain susmagarriarekin. Beste auzi askotan ere gertatuko da, baina ez da sinesgarria aurrez galdetzailearekin —fiskalarekin kasu honetan— prestatu gabe eta interesatzen zaiona buruz ikasten ordu dezente pasatu gabe, horren xehe erantzutea galderei: egunak, orduak, instrukzioen zenbakiak, bileretan egondako kideak…

Auzipetuen defentsaren txanda iritsi denean, eta aurreko lekuko batzuekin egin duten legez, lekukoaren infalibilitatea interesatua den estrategiaren barruan lehen galderak egin dizkiotenean, ordura arte argia zena ilunpe bihurtu da. N29100C komandantea ez da ezertaz gogoratzen, dena duda da, baieztapen kategorikorik gabe: "Ez naiz gogoratzen, txosten polizialetan horrela badago jasota, horrela izango da...".

Poliziaren ikerketa buruak oso lekuko mamitsuak dira, hala akusazioarentzat nola defentsarentzat. Ezin konparatu manifestari batek behatza bihurritu ziola esaten duen poliziaren lekukotasunarekin, edo komandantearen ondoren deklaratu duen oinarrizko polizia nazionalarekin, fiskalaren etsipenerako, parte hartu zuen hauteslekuen izenak gogoratu ere egiten ez zituena.

Behin eta berriro saiatu dira defentsako abokatuak komandantearen kontakizunean dudak eta kontraesanak azaleratzen, deskalifikazio teknikoa bilatzen; are gehiago, ohartu direnean Marchena magistratuburua sapaiari begira jarri dela, N29100C etengabe lekuko izatetik peritua izatera igaro denetan. Gaurkoa, epaiketa honetan, defentsek irabazi behar zuten guduetako bat zen, akusazio ia gehiena komandante horrek ehundu duen akusazio sarean baitatza.

Akusatuari, kartzelara inor joatekotan bera joango delako, beti onartu izan zaio marra gorria zapaltzea bere adiezpenetan, arau estuak neurri txikian urratzea. Baina non ikusi da, zein auzitegitan onartzen zaio lekukoari, komandantea izanda ere, akusatua balitz bezala erantzutea defentsari? "Seguru-seguru zaude esate ari zarenaz?" bezalako erronka galderak, ez behin edo bitan, egin dizkio defentsari. Luzea da, Gorenean askotan jardun duen euskal legelari baten hitzetan, "estatuaren barruan estatu bat" den gorputz polizial horren itzala.

N29100C, tenientea zen Portu eta Sarasolaren auzian, eta komandantea Kataluniako prozesuaren auzian. Zer gradu edukiko du hurrengo auzian?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna